Mendebaldeko Sahararekiko elkartasuna adierazteko elkarretaratzea deitu du Darahlik

Maria Maya Manterola 2021eko otsailaren 25a

Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zeneko 45. urteurrena ospatuko dute larunbatean. Mendebaldeko Sahararen aldarrikapenekin bat egin eta elkartasuna adierazteko, elkarretaratzea egingo du Darahlik. Ohartarazi dute babesa "inoiz baino beharrezkoagoa" dela.

Larunbatean, hilak 27, 45 urte beteko dira Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zutenetik. Mendebaldeko Saharak estatu berri baten oinarriak ezarri zituen orduan, Espainiak Marokori eta Mauritaniari lurraldea entregatu ondoren. Data hori gogorarazi eta Mendebaldeko Sahararen aldarrikapenekin atxikimendua adierazteko, elkarretaratzea deitu du Darahlik larunbaterako. Oxford parean elkartuko dira, 12:00etan. 

Darahlik ohartarazi du babesa behar duela Mendebaldeko Saharak: "Inoiz baino gehiago behar du elkartasuna, 2020ko azaroaren 13an gerra-egoera deklaratu ondoren, Marokoko armadak Guerguerateko legez kanpoko arrakalan su-etena urratzearen ondorioz bizi duen egoera larriaren aurrean". Gogorarazi nahi izan dute saharar herriak bide baketsua erakutsi duela 1991tik, eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa onartu dutela 80 estatuk baino gehiagok. "Hala eta guztiz, hori ez da nahikoa izan, eta Marokok status quo-ari etekina ateratzen jarraitu du. Gaur egun, 200.000 saharar baino gehiago aurkitzen dira erbestean; Saharar Errefuxiatuen kanpamenduetan bizitzera deserritu ditu Marokok, Aljeriako Tinduf hiritik gertu. Erregimen militar baten menpe jarri ditu Mendebaldeko Sahararen okupazioari aurre egiten dioten sahararrak, beren eskubideak sistematikoki urratuz autodeterminaziorako eskubidea aldarrikatzeagatik". 

Erantzule zuzenak seinalatu ditu Darahlik: "Gerra hau saharar herriari inposatutako gerra da, nazioarteko komunitatearen pasibotasuna eta Espainiako Estatuaren arduragabekeria direla eta". Elkarretaratzean parte hartzeaz gain, herritarrak Saharako bandera balkoietan zintzilikatzera gonbidatu nahi ditu Darahlik. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide