Gas horniduraren desbideraketa lanak egiten ari da Nortegas enpresa azken asteotan Aitzuri frontoiaren inguruan. Zumaiako Herri Eskolako DBHko eraikin berria frontoiaren aurrealdean egingo dute, eta lursail hori eraikigarria izateko, gasaren hoditeria desbideratu behar da lehenbizi. Lan hauek bi hilabeteko iraupena izango dutela aurreikusi du udalak.
Lanek badute eragina inguru horretatik igarotzen den trafikoan. Hala, duela bi astetik frontoiaren atzealdetik pasatzen den errepidea itxita dago, eta udalak azaldu duenez, hala jarraituko du, gutxienez, beste hilabetez, inguru horretan ere lan batzuk egin behar dituztelako.