Hiru positibo zenbatu dituzte Zumaian ostiraletik igandera bitartean

Julene Frantzesena 2021ko mar. 1a, 13:17

Urola Kostan 23 positibo zenbatu dituzte ostiraletik igandera bitartean, horietatik hiru, Zumaian. Eremu horian jarraitzen du, 183,17ko intzidentzia tasarekin.

Osasun Sailak eman ditu ostiraletik igandera bitarteko herriz herriko datuak. Zumaian egindako PCR eta antigeno probetan hiru kasu positibo zenbatu dituzte, hain zuzen ere, egun horietan. Eremu horian jarraitzen du Zumaiak, 183,17ko intzidentzia tasarekin. Urola Kostako 10.000 biztanletik gorako gainontzeko herriek ere 200dik beherako tasa dute. Azkoitia, Azpeitia, Orio eta Zarautzek ere eremu horian jarraitzen dute; dena den, herritar batzuek positibo eman dute herri horietan: Azpeitian seik, Zarautzen bik eta Azkoitian batek; Orion, ez dute positiborik zenbatu.

Eskualdean intzidentzia tasa altuena duen herria, berriz, Zestoa da. Asteburuan zazpi positibo atzeman dituzte herri horretan, eta gaur-gaurkoz, 590,65 da hango tasa. Hala eta guztiz, 5.000 biztanle baino gutxiago dituenez, ez da eremu gorrian sartu herria. Gainerakoan, Errezilen eta Aizarnazabalen positibo bana zenbatu dute ostirala eta igandea bitartean, eta Getarian, berriz, bi lagunek eman dute positibo.

Datuak hobetzen

Hego Euskal Herrian ere hobetzen ari dira COVID-19ari lotutako datuak. Atzo 128 positibo atzeman zituzten Bizkaian, 78 Gipuzkoan, 41 Araban eta hiru lurralde horietatik kanpo bizi den pertsona batek ere eman zuten positibo PCR eta antigeno probetan. Datu horiek tarteko, 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa 255,03n kokatu da. Oinarrizko birsorkuntza tasa, berriz, 0,87 da.

Nafarroan, berriz, joan zen uztailaz geroztik izan den kutsatu kopuru txikiena atzo zenbatu zuten: 42 lagunek eman zuten positibo Osasunbideak egindako probetan. Horrenbestez, azken hogei egunetan ehun positibo baino gutxiago zenbatu dituzte Nafarroan egunez egun. Positibotasun tasak gora egin du, dena den, gauzatutako proba kopurua ere asko jaitsi delako: 784 proba egin zituzten eta positibotasun tasa %5,4 da.

Ospitaleetako egoera ere hobera egiten ari da pixkanaka bada ere. Atzo 120 lagun zeuden Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ZIUetan, duela astebete baino hamalau gutxiago. Orotara, 22 lagun ospitaleratu zituzten atzokoan, eta gaur egun 299 pertsona daude hiru lurralde horietako ospitaleetan koronabirusaren harira. Nafarroako Gobernuak ez ditu ospitaleetako datuak jakinarazi.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide