Fernando Aramburu idazlearen liburuan oinarritutako telesaila da Patria. ETAren biktima baten alarguna da Bittori, Elena Iruretak gorpuzten duen pertsonaia. Telesaila iazko Donostiako Zinemaldian estreinatu zen, eta ordutik zeresan handia eman du. Baita sarien denboraldian ere.
Pasa den urtarrilean telebistako aktore onenaren Forque saria jaso zuen Iruretak telesail honetan egindako lanari esker. Atzo, berriz, zinemagintzako informatzaileen elkarteak urtero banatzen dituen Feroz sariak eman ziren Madrilen, eta hemen ere agertokira igo behar izan zuen aktore zumaiarrak telebistako aktore protagonistaren saria jasotzera. Forque sarietan egin bezala, Iruretak bere lagun eta lankide Ane Gabarainekin (Miren telesailean) partekatu nahi izan zuen saria.