Azken hilabeetako daturik onena atzo jazo zen Urola Kostan: hiru positibo baino ez zituen zenbatu Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eskualdeko herritarrei gauzatutako PCR eta antigeno probetan –ez du zehazten zenbat proba egiten dituen herri bakoitzean–. Hain zuzen ere, Orion, Zestoan eta Zumaian detektatu zituzten atzokoan positiboak, herri bakoitzean bana.
100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasari erreparatuz gero, 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herrietako egoerak nabarmen egin du hobera azken astebeteetan; izan ere, biztanle kopuru hori gainditzen duten herrietako tasak 300etik beherakoak dira, eta beraz, eremu horian daude herriok. Aipatzekoa da, Azkoitiko kasua, 66,76 baita gaur-gaurkoz hango intzidentzia tasa, eskualdeko baxuena. 5.000 biztanletik beherako herrien arteko joera ere berbera da, nahiz eta Zestoak 500eko intzidentzia tasa gainditzen duen: 564,97 da hango tasa. Zumaiak 162,82ko tasa du. Gipuzkoako intzidentzia tasa, berriz, 186,55 da orain.
Atzo, 8.213 PCR eta antigeno proba egin zituen Osakidetzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta orotara, 340 lagunek eman zuten positibo horietan. Nafarroan, berriz, 1.754 test gauzatu zituen Osasunbideak, eta horietako 59k eman zuten emaitza positiboa. Horrenbestez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako positibotasun tasa %4,1 da, eta Nafarroan, %3,4.
Ospitaleetako egoerak antzekoa izaten segitzen du Osakidetzak jakinarazi duenez: atzo 45 lagun ospitaleratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan COVID-19aren eraginez, eta gaur-gaurkoz, 267 lagun daude hiru lurralde horietako erietxeetan, bezperan baino bat gutxiago. Dena den, ZIUetako egoerak okerrera egin zuen atzokoan; izan ere, bost lagun ospitaleratu zituzten unitate horietan, eta orain, 126 lagun daude ospitaleratuta, bezperan baino bost gehiago. Nafarroako Gobernuak ez du ospitaleetako informaziorik eman.