Osasun Sailak emandako datuen arabera, atzo ez zen positiborik zenbatu Zumaian. Bigarren egunez markagailua zeron geratu da. Horrek izan du ondorioa intzidentzia tasan. Izan ere, ehun puntutik beherako intzidentzia tasa du gaur gaurkoz Zumaiak: 91,58 hain zuzen. Eremu berdea gertuago du herriak.
Eskualdean atzo sei kasu izan ziren, eta kasuen erdia, hiru, Zarautzen zenbatu zituzten atzo. Zazpi positibo izan dituzte eskualdeko herririk handienean zazpi eguneko epean. 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasa ehunetik behera dute Zarautzen: 98,51.
Beste hiru kasuak Zestoan –bi– eta Azpeitian –bat– izan ziren atzo. Zestoako kasu metatuen tasa 616,33koa da, eskualdeko altuena; Azpeitian, aldiz, 223,39ko tasa dute gaur gaurkoz. Eskualdeko beste zortzi herrietan ez zen positiborik zenbatu atzo.
Hego Euskal Herriari dagokionez, atzoko bezperako kopuruak errepikatu ziren: 393 positibo izan ziren; 67 Araban, 163 Bizkaian, 88 Gipuzkoan eta 70 Nafarroan. Hauei beste lurralde batzuetako herritarren bost positiboak gehitu behar zaizkie.
Beste 56 ospitaleratu izan ziren atzo Osakidetzako erietxeetan (bezperan baino 11 gehiago), eta ZIUko unitateetan 118 lagun zeuden atzo, bezperan baino sei gutxiago.