Hemen dauzkazue Udaberri Sariko lehen proposamenak

Baleike 2021ko mar. 6a, 10:28

Gorputza martxan jartzeko prest? Jantzi kiroletako oinetakoak eta aukeratu zuren neurriko ariketa. Gogoan izan sariak daudela parte-hartzaileen artean zozkatzeko.

Korrika egiteko prest zaudetenontzat bi entrenamendu maila prestatu ditugu: oinarrizkoa hasi berrientzat eta garatua dagoeneko korrikarako ohitura dutenentzat. Horrez gain, oinezkoentzat ere badaukagu proposamen bat.

Korrika hasi berrientzat

Korrika egiteko ohiturarik ez baina, halako batean, hasteko borondatea dutenentzat, oinarrizko prestakuntza programa bat eskainiko dugu astez aste. Hauxe duzue asteburu honetarako proposatzen dizueguna:

-Erritmo lasaian (korrika zoazela hitz egiteko kapaz zara), hamabi minutuko hiru korrika saio egingo dituzu (12+12+12), saioen artean minutu bateko atsedenaldia hartuz (oinez ibili, ez gelditu). Garrantzitsua da zuretzat erosoa den erritmoa aurkitzea, ez kezkatu motel zoazela iruditzen bazaizu. Ez ahaztu: korrika hasi aurretik beroketa ariketa batzuk egin, eta amaitzean luzaketak. Ez badakizu nola egin, datorren astean erakutsiko dizkizuegu ariketa batzuk.

Korrika, entrenamendu garatua

Korrika egiteko ohitura badaukazu, baina libre samar egiten duzu, saioak antolatu gabe eta nola hobetu jakin gabe. Ba zugan pentsatuta diseinatu ditugu entrenamendu saio hauek. Beroketarekin hasi (5-8 minutu), eta jarraian 50 minutuko korrika saioa egingo duzu, bost zatitan banatuta: 15' (R1)+10' (R2)+5' (R1)+10' (R2)+10' (R1). R1-ek esan nahi du erritmo lasaia (hitz egiteko kapaz zara), eta R2-k erritmo ertaina (hitz egitea kosta egiten da), normalean baino 10-15 segundo azkarrago kilometroa. R3 izango da hitz egitea ezinezkoa zaizunean; baina, lasai horra oraindik ez gara iritsi...

Oinez egiteko proposamena

Korrika egin gabe, oinez ibiltzea ere ariketa bikaina da. Hauxe lehen asteburu honetarako proposatzen dizuegun ibilbidea: Zumaiako dikeak edo, batzuk esaten duten bezala, pasarelak igaroko ditugu.
 
Gernikako parkean hasi, kirol portuko eskoileratik eta egurrezko pasabidetik igaro, eta ondoren Santiyo hondartzaraino joan; dunetatik eskoilera haundira joango gara. Atzeko aldetik berriz parkera bueltau eta paol muturreraino joango gara, bueltan berriz parkean amaituz. Mapan daukazue ibilbidea zehaztuta.
 
Sariak parte-hartzaileentzat
 
Gogoan izan zure saioa Kirol Patronatuarekin partekatzen baduzu sarien zozketan hartuko duzula parte. Hemen daukazue informazio guztiak: Udaberri Sariko arautegia

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide