Felix Balerdi: "Orain, gaztea nintzenean neukan auto berdina daukat; baina benetan nahi nuke adin hori ere eduki ahal izatea"

Dorleta Agiriano Lai 2021eko martxoaren 7a

Felix Balerdi Beasainen jaio zen 1942an, baina duela 11 urtetik bizi da Zumaian. Autoen mekanikari-elektrikari izandakoa da, eta ogibide horrek izan du, noski, lotura estua haren pasioarekin: autoak.

Pasio horren erakusle dira, hain zuzen, garajean gordeta dituen bi ibilgailu kuttunak: 1956an ekoitzitako Nash Metropolitan bat, gaur egun Espainiako Estatu osoan ikusi ahal izango den bakarretakoa, eta 40 urte bete dituen Mercedes bat.

Bi automobil dituzu gaur egun, tartean, 1950eko hamarkadako Nash Metropolitan bat. Noiztik duzu auto hori?

Orain dela hiruzpalau urte erosi nuen. Horretara propio joan ginen hegoaldera, Alacant ingurura. Izan ere, lehen zaila bazen, gaur egun benetan zaila da auto mota hori hemen topatzea. Nik dudanarekin batera, hiru omen dira Espainia osoan dauden Nash Metropolitanak. Dena den, duela ia 60 urte ere izan nuen halako beste auto bat.

Bakan batzuk baino ez zituzten Espainiako Estatura bideratu. Non erosi zenuen zuk auto mota hori aurreneko aldiz?

Beasainen, esan bezala, duela ia 60 urte. Bitxia da, baina Beasaingo industrialari oso garrantzitsu batena zen autoa. Madrilen erosi zuen hark, eta nik hari erosi nion. Autoa ikusi nuen eta gustatu egin zitzaidan, hain zen arraroa eta polita. Horregatik erosi nion.

Ia sei hamarkada geroago, gaztetan izandako auto berdina erosi duzu, beraz. Zergatik?

Ezkongabea eta oso gaztea nintzenean izan nuen nire lehenengo Nash Metropolitana, eta esanahi handia du niretzat auto horrek; oroitzapen askorekin lotzen dut. Gogoratzen dut atzetik izaten nituela emakume guztiak, baina batez ere burura datorkit gaur egun nire emaztea denarekin ibiltzen nintzela autoan eta Azpeitira joaten ginela.

Oroitzapen horiek nolabait izateko erosi nuen berriro mota horretako auto bat. Orain, gaztea nintzenean neukan auto berdina daukat. Baina benetan nahi nuke adin hori ere eduki ahal izatea, askoz hobea izango litzateke. Hori ere erosi ahalko banu... Baina ezin dut.

Hurbiletik ezagutu duzu auto hori, urte luzez. Zein da ibilgailu horren historia?

Nik irakurri dudanaren arabera, 1954 eta 1962 artean ekoitzi eta saldu zituzten, nagusiki, Amerikako Estatu Batuetan. Ingalaterran produzitu zituen Austinek. Antza, 7.000 unitate izan ziren Europa osoan, eta gainerakoak AEBetara eta Kanadara eraman zituzten. Niri esan zidaten lau baino ez zirela heldu Espainiara.

Antza, garai hartako AEBetako presidenteak ez zuen begi onez ikusten emakumeek, haurrak eskolara eramateko, 6-7 metroko autoak erabiltzea, ehun kilometroko 30 litro gasolina kontsumitzen zituztenak. Horregatik, auto txiki bat sortu beharra zegoela esan omen zuen. AEBetako ekoizleak ez ziren ausartu auto horiek egitera eta, dirudienez, Ingalaterran ekoizteko agindua eman zuten orduan. Hortaz, halaxe egin zuen Austinek.

Zuk duzun Nash Metropolitana, zehazki, 1956an ekoitzitakoa da. Erabiltzen al duzu?

Ibili ahal izango nuke, baina normalean ez naiz kalean Nash Metropolitanarekin ibiltzen. Noizean behin, eguraldi oso ona egiten badu, buelta txiki bat emateko ateratzen dut garajetik, baina bestela, auto kontzentrazioetara baino ez dut eramaten.

Nire bizioa dira autoak. Hiru izan ditut duela gutxira arte: bi zahar eta moderno bat. Dudan adinarekin, ordea, jada ez naiz autoarekin ia ibiltzen, eta garajean hiru ibilgailurentzako tokirik ez dudanez, berriena saldu egin nuen. Beraz, bi auto ditut orain: Nash Metropolitana eta 40 urteko Mercedes bat.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide