Larunbatean "okupazioaren kontrako ofentsiba" izango du hizpide Errakik Torreberrin

Dorleta Agiriano Lai 2021eko martxoaren 9a

17:00etan izango da hitzaldia, Torreberri gaztetxean. Erraki Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sareak azpimarratu du martxan dela "okupazioaren aurkako kanpaina mediatiko, juridiko eta praktiko" bat, eta hori guztia izango du hizpide larunbateko saioan.

Larunbat honetan, martxoak 13, Torreberri gaztetxean hitzaldia eskainiko du Erraki Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sareak. "Okupazioaren kontrako ofentsiba" izango da saio horretako gai nagusia, eta 17:00etan hasiko da.

2019an sortu zen Erraki, eta iazko urte amaieran abiatu zuen "okupazioaren kontrako ofentsiba" seinalatzeko kanpaina politiko bat. Orduan azaldu zutenez, Errakiko kideek nagusiki hiru eremutan identifikatu dute "okupazioaren aurkako esku-hartzea": batetik, praktika horren "kriminalizazioa masa-komunikabideen bidez", bestetik, "okupazioaren aurkako esku-hartze praktiko eta zuzena" Desokupa bezalako enpresen bidez; eta, hirugarrenik, "ofentsiba juridikoa" okupazioa zigortzeko neurri eta lege proposamenen bidez. Hori guztia izango dute aztergai Torreberrin larunbateko saioan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide