Azken orduetan ez dute positibo berririk atzeman Zumaian

Aiora LarraƱaga 2021ko mar. 11a, 13:35

Intzidentzia tasak beherantz jarraitzen du Zumaian, eta 100eko langatik behera kokatu da atzoko emaitzekin: 81,41ekoa da une honetan.

COVID-19 kasuei dagokienez, ez dago gorabeherarik Zumaian. Atzo egindako PCR eta antigeno probetan ez dute kasu berririk atzeman herrian, eta onak dira azken zazpi egunetako datuak: egun bakoitzeko kasu bat zenbatu dute gehienez. 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasak behera egiten jarraitzen du, hortaz: 101,76koa zen atzo, eta 81,41ekoa da gaur-gaurkoz.

Asteak aurrera egin ahala, ordea, gora egin dute positibo berriek eskualdean. Positibo bakar batzuk soilik atzeman zituzten astearen hasieran Urola Kostan, baina atzo hemezortzi kasu berri zenbatu zituzten, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera. Horien erdiak Zarautzen atzeman zituzten, bederatzi kasu, hain zuzen ere, eta gora egin du herri horretako intzidentzia tasak: 149,91koa da gaur gaurkoz, baina eremu horian jarraitzen du.

Zarautzen bezala, Azpeitian ere gora egin du kutsatu kopuruak, eta atzo zazpi kasu berri hauteman zituztela adierazi du Osakidetzak. Hala, intzidentzia tasa 203,68koa da.

Eskualdean zenbatutako beste bi kasuak Aian eta Azkoitian atzeman dituzte. Aiaren kasuan, azken astean detektatutako bigarren kasua da atzokoa – astelehenean hauteman zuten bestea–; 100ekoa da intzidentzia tasa herri horretan.  Azkoitian ere kasu bakarra atzeman dute, eta asteburuan zenbatu zituzten beste bi kasurekin, astebetean herri horretan izan duten hirugarrena da, baina egoera epidemiologikoa ona da Azkoitian, bost mila biztanletik gorako herrien artean eskualdeko intzidentzia tasarik txikiena baitu, 66,76koa, hain zuzen ere .

Datuak lurraldeka

Atzokoan 9.560 proba diagnostiko egin zituzten Osakidetzak eta Osasunbideak, eta denera 414 positibo atzeman zituzten. Horietako 201 Bizkaian zenbatu zituzten, 58 Araban, 106 Gipuzkoan eta 47 Nafarroan. Lurralde horietatik kanpo bizi diren beste lau lagunek ere eman zuten positibo. Gaur gaurkoz, %4,3koa da positibotasun tasa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %4,32koa Nafarroan. 

Ospitaleetako egoera hobetzen ari da apurka-apurka, apaltzen ari delako koronabirusak erietxeetan duen eragina ere. Atzo 31 ospitaleratze berri egon ziren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erietxeetan, eta denera 228 lagun daude ospitaleratuta koronabirusagatik hiru lurralde horietan; Zainketa Intentsiboen Unitateari dagokionez, 100 pertsona daude bertan, atzo baino bost gutxiago. Nafarroan, aldiz, lau lagun ospitaleratu zituzten atzo COVID-19a dela dela.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide