Zirta "espazio askea" aurkeztuko dute hilaren 19an

Dorleta Agiriano Lai 2021eko martxoaren 12a

(Zumaiako Udala)

Hogarrean egingo dute "LGTBIfobiarik eta matxismorik gabeko" gunearen aurkezpen ekitaldia. 13-17 urte bitarteko gazteei zuzendutako espazioa izango da, eta Gazteguneak, Eihera kooperatibak eta Zumaiako Udalak jarri dute martxan.

13-17 urte bitarteko gazteek "LGTBIfobiarik eta matxismorik gabeko" gune "aske" bat izango dute Zumaian aurrerantzean: Zirta espazioa. Gazteguneak, Zumaiako Udalak eta Eihera kooperatibak sortu dute proiektua, eta gaur goizean azaldu dutenez, hemendik aurrera, hilabetean behin Zirtara bertaratzeko aukera izango dute gazteek. "Konfiantzazko gune bat izango da, zalantzak argitzeko eta elkarrekin ikasteko espazio bat", esan dute gaur goizean ekimenaren sustatzaileek. Horretarako, hilabeteroko hitzordu horietan izango dira Eiherako kideak ere.

Hogarrean egingo dute Zirtaren aurkezpen ekitaldia, martxoaren 19an, 19:00etan. Maider Alberdi Zumaiako Udaleko zinegotziaren arabera, "LGTBI eraldaketa prozesua" jarri zuen martxan udalak, eta horren "emaitzetako bat" da "espazio askea".

Horretaz gain, Zumaian "barne mailako" beste zenbait lanketa ere izan ziren 2020an Eihera kooperatibaren eskutik. Batetik, "udaleko hainbat sail aztertu" eta "hainbat formakuntza saio egin" zituen, "LGTBI kolektiboaren inguruko sentsibilizazioa udal zerbitzuetan txertatzen hasteko". Bestetik, "gazteekin LGTBI kolektiboaren problematika lantzeko saioak" egin zituen, eta Laura Muelas eta Iñigo Etxezarreta Eiherako kideen arabera, "emankorrak" izan ziren horiek.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide