Gora egin du berriz ere intzidentzia tasak, beste lau kasu positiborekin

Amaia Urbieta Arruti 2021ko mar. 17a, 13:15

Osakidetzaren arabera, zazpi kasu positibo zenbatu dituzte Urola Kostan, horietatik lau Zumaian. Intzidentzia tasak gora egin du; 162,82ra igo da.

Plazaratu berri dute Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak koronabirusari buruzko datu eguneratuekin atera ohi duen txostena. Zumaian lau kasu positibo baieztatu zituzten atzo; hori dela eta, 132,29tik 162,82ra igo da azken egunean herri horretako 14eguneko tasa 100.000 biztanleko.

Urola Kostan, berriz, Zumaiakoak alde batera utzita, hiru kasu positibo berri baieztatu zituzten. Bi Zarautzen atzeman dituzte eta bat Azkoitian. Bi herri horietan ere igo egin da apur bat intzidentzia tasa: Zarautzen kasuan 197,03tik 205,59ra, eta Azkoitian 83,45etik 91,8ra. Eskualdeko gainontzeko herrietan ez dute kasu positibo berririk atzeman, baina intzidentzia tasek, orokorrean, mantentzera edo apur bat igotzera egin dute.

Eusko Jaurlaritzak iragarri zuen semaforoaren sisteman herri bakoitzak zuen kolorea ez zuela kontuan hartuko aurrerantzean, baina nabarmena da azkenaldian kolore dantza gutxi sumatzen dela eskualdeko herrietan. Azken boladan ez dira eremu horitik atera 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herriak; ez da guztiz seinale txarra egoera ez delako asko okertu, baina badirudi asko kostatzen ari dela intzidentzia tasa behar adina jaistea.

500 kasutik gora

Hego Euskal Herrian 500 positiboen langa igaro zuen atzo atzemandako kasu berrien kopuruak. Zehazki, egindako 11.105 proba diagnostikoetatik 501ek eman zuten positibo. Beste behin, Bizkaian atzeman zituzten kasu gehien:205. 118 kasu atzeman zituzten Gipuzkoan, 69 Araban, hamar hiru lurralde horietatik kanpo, eta 99 Nafarroan. Hala, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako positibotasun tasa %4,5ekoa da atzoko datuen arabera, herenegungoa baino apur bat altuagoa. Nafarroako positibotasun tasa, berriz, %4,4koa da; puntu bat baino gehiago igo da atzotik.

Erietxeetako egoerari dagokionean, 39 lagun ospitaleratu zituzten atzo Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erietxeetan, eta ospitaleratutak atzo baino bi gutxiago badira ere (222 gaur eta 224 atzo), igo egin da apur bat Zainketa Intentsiboen Unitatean dauden gaixoen kopurua: 101 dira azken txostenaren arabera, eta 98 ziren atzo.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide