Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak duela minutu gutxi kaleratu du koronabirusari buruzko datu eguneratuen txostena. Zumaian beste bi emaitza positibo zenbatu dituzte atzoko probetan, eta gora egin du berriz 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasak: 162,82koa zen atzo, eta 183,17koa da une honetan. Azken zazpi egunetan hamabost kasu berri baieztatu dituzte herrian.
Atzoko emaitzei erreparatuta, kasu positiboak bikoiztu egin dira Urola Kosta eskualdean: hamalau kasu positibo berri baieztatu dituzte. Atzo, Zarautzen detektatu zituzten kasu positibo gehien: zortzi kasu guztira. Intzidentzia tasak gora egiten jarraitzen du Zarautzen, eta 205,59tik 239,86ra igo da. Bestalde, Zumaian bezala, azken orduetan bina kasu positibo hauteman dituzte Azkoitian eta Azpeitian. Azkoitian intzidentzia tasak behera egin du, eta 83,45ekoa da orain. Azpeitian, berriz, behera egin du tasak eta 157,69koa da zenbatekoa. Zumaiarekin batera, 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herrien artean intzidentzia tasa altuena duten herriak dira Zarautz eta Azpeitia.
Eskualdeko beste herrietan atzoko probetan ez dute kasu positiborik atzeman. Zestoan intzidentzia tasak, ostera, behera egiten jarraitzen du, eta 256,81ekoa da zenbatekoa egun.
500 kasuren azpitik
Atzoko probetan, herenegungoetan baino kasu positibo gutxiago hauteman dituzte Hego Euskal Herrian. 500 kasu baino gutxiago zenbatu dituzte; 479 guztira. 8.907 test egin zituzten atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 410 positibo detektatu dituzte. Positibotasun tasa %4,6an kokatu da hiru lurralde horietan. Lurraldeen arabera, atzoko probetan 82 kasu baieztatu dituzte Araban, 191 Bizkaian eta 133 Gipuzkoan; halere, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren lau laguni ere positiboa detektatu diote. Nafarroan, aldiz, 1.788 PCR eta antigeno test egin zituzten atzokoan, eta 69 kasu positibo hauteman dituzte; positibotasun tasa %3,9koa izan da, beraz, Nafarroan.
Ospitaleen egoerak, bestalde, hobera egin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; izan ere, Osakidetzako erietxeetan martxoko daturik baxuena izan dute ospitaleratuei dagokienean; guztira 210 herritar daude gaur-gaurkoz ospitaleratuta. Zainketa Intentsiboen Unitatean ospitaleratuta dauden pertsonen kopurua ere martxoak orain arte eman duen baxuena izan da, 93 lagun baitaude ZIUn. Halere, oinarrizko birsorkuntza tasak edo R0 indizeak altua izaten jarraitzen du. Une honetan 1,10ekoa da zenbatekoa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta markatzaile horren arabera, COVID-19a duen pertsona batek lagun bat baino gehiago kutsatu dezake.