Zumaiako ludotekan ekintza bereziak antolatu dituzte martxo amaierarako. Hain zuzen, sukaldaritza saioak eta jolasak egingo dituzte martxoaren 29an, 30ean eta 31n, goizez. Adinaren arabera, egun batean edo bestean joan beharko dute partaideek, horren arabera prestatu baitute egutegia ludotekan: Lehen Hezkuntzako 1. mailako gazteek martxoaren 29an izango dituzte ekintza bereziak, Lehen Hezkuntzako 2. eta 3. mailakoek martxoaren 30ean, eta Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailakoek, aldiz, martxoaren 31n. Guztiek izango dute hiru orduko txanda bat sukaldaritzan eta jolasean aritzeko, 10:00etatik 13:00etara arte.
Martxoaren 22an irekiko dute saio berezi horietarako izen-ematea, eta martxoaren 24an itxiko dute 19:00etan. Ludotekan bertan eman ahal izango da izena, baita posta elektroniko bidez (ludoteka@zumaia.eus) edo telefonoz (943 143 264 edo 669 762 222) ere. Plazak mugatuak izango direnez, zozketa bidez erabakiko da nork izango duen jarduera berezietan parte hartzeko aukera, baina ludotekako arduradunek jakinarazi dutenez, lehentasuna izango dute bazkideek.