Gora egin du positibotasun tasak Hego Euskal Herrian

Onintza Lete Arrieta 2021ko mar. 19a, 13:00

Nafarroan %3,9tik %6,2ra igo da tasa, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ere gora egin du, Nafarroan bezain bortitz egin ez arren; %4,6koa zen positibotasun tasa herenegun, eta %5,4koa atzo. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak ez du herriz herrikako daturik eman, eta beraz, astelehenean jakingo dira ostegunetik igandera bitartean zenbat positibo berri atzeman den herri bakoitzean PCR eta antigeno probetan. 

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak ez du herriz herrikako daturik eman gaurkoan, eta astelehenean jakingo da ostegunetik igandera zenbat positibo berri atzeman diren eskualdean.

Datu orokorrak plazaratu dituzte, ordea, Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Hala, atzo Hego Euskal Herrian 10.564 PCR eta antigeno proba egin zituzten–8.594 proba Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta 1.970 Nafarroan– eta horietatik 589k eman zuten positibo.

Lurraldeen arabera,  99 positibo Araban zenbatu ziren atzo, 242 Bizkaian, 118 Gipuzkoan, 123 Nafarroan, eta beste erkidego edo toki batzuetako 7 kasu ere atzeman ziren.

Positibotasun tasari dagokionez, gora egin du nabarmen Nafarroan, %6,2an kokatuz (bezperan %3,9koa zen), eta beste hiru lurraldeetan ere gora egin du bezperako datuekin alderatuta, %4,6tik %5,4ra. Duela astebeteko datuei erreparatuz gero, orduan positibotasun tasa %5,2koa zen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan –beraz antzeratsu dago astebete ondoren– eta Nafarroan egon da gorakada, duela astebete %3,5ekoa baitzen, herenegun zutenaren antzekoa.

Ospitaleen egoerari dagokionez, Araba, Bizkia eta Gipuzkoan COVID-19aren ondorioz 32 pertsona ospitaleratu ziren atzo, eta COVID-19a duten 92 pertsona ZIU Zaintza Intentsiboko Unitateetan daude. Duela astebete 95 pertsona zeuden ZIUn ingresatuta.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide