Beste behin, hainbat kirol ikastaro antolatu dute kiroldegian herriko helduentzat, eta dagoeneko eman daiteke izena ikastaroetako. Martxoaren 15ean ireki zuten izena emateko epea, eta hilaren 30era bitartean egongo da zabalik. Hain zuzen, apirilaren 12an hasiko dira ikastaroak, eta ekainaren 25ean amaitu. Parte hartu nahi dutenek martxoaren 30a baino lehen eman beharko dute izena, kiroldegiko harreran. Helduen ikastaroen artean jada ohikoak diren Zumba, Cycling, Pilates edo GAP jarduerak daude, baita Total Training eta TRXa ere.
Ikastaro horiek guztietan prebentzio eta higiene neurriak bete beharko dituzte ikasle zein irakasleek. Kirol Patronatuko arduradunek azaldu dutenez egoera berrira egokitzeko eta jarduera segurtasunez egiteko “guztion laguntza” beharrezkoa izango da. Edozein kasutan, zumaiarrak ikastaroetan "parte hartzera animatu" dituzte.
Kiroldegira, aurrez zita hartuta
Osasun egoerak bere horretan jarraitzen duenez, kiroldegiko zerbitzuak erabiltzeko aurrez hitzordua hartzea ezinbestekoa izango da aurrerantzean ere. Horretarako, bazkideek eta kiroldegia erabiltzeko bonuak dituztenek gehienez hiru eguneko aurrerapenarekin hartu dezakete zita, 943-86 20 21 telefono zenbakira kiroldegira ohiko ordutegian deituta (6:30-21:00). Bazkideak ez direnek egunean bertan deitu ahal izango dute.