Kasu positibo bat baieztatu dute Zumaian azken orduetan

Aitziber Arzallus 2021ko mar. 23a, 13:20

Gora egin du intzidentzia tasak: 183,17koa da gaur-gaurkoz, aurreko ostegunean bezala. Eskualdean zortzi kasu berri atzeman dituzte atzotik.

Eusko Jaurlaritzak kaleratu du koronabirusaren bilakaeraren inguruko eguerdiroko txostena, eta horren arabera, Zumaian kasu positibo bakarra zenbatu dute azken orduetan. Dena den, atzotik hona gora egin du 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasak: 172,99koa zen atzo eta 183,17koa da une honetan, aurreko ostegunean bezala. Ostegunetik igandera bitartean kasu bakarra baieztatu zuten herrian.

Eskualdeko herrietan guztira zortzi positibo zenbatu zituzten atzo: Zumaiako kasuaz gain, lau positibo izan ziren Azpeitian eta hiru Zestoan. Horrenbestez, Zumaian bezala, bi herri horietako intzidentzia tasek ere zertxobait gora egin dute. Azpeitiak 170,83koa du eta Zestoak 231,12koa. Dena dela, 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herri guztiek eremu horian jarraitzen dute gaur-gaurkoz, arrisku maila altua adierazten duen 500eko intzidentzia tasatik urrun, beraz.

Aipatzekoa da, gainera, Zarautzen ez zutela kasu positiborik atzeman atzo. Azken egunotan gorazko joera hartua zuen hango intzidentzia tasak, ostegunetik atzora bitartean hamasei positibo baieztatuta, baina atzoko emaitza onek joera hori hautsi egin dute, eta zertxobait jaitsi egin da hango tasa: 269,84koa da egun. Jaitsierak jaitsiera, eskualdeko tasarik altuena du.

Eskualdeko gainontzeko herrietan ez zuten positiborik hauteman atzo, eta guztiek 200dik beherako intzidentzia tasak dituzte.

Hego Euskal Herrian, 500dik gora

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, atzo, orotara, koronabirusa atzemateko 11.878 proba egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta horietatik 552k eman zuten positibo; %4,6k. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako positibotasun tasa %4,5ekoa da eta Nafarroakoa %5,2koa. 

Lurraldeka, Bizkaian baieztatu zituzten kasu berri gehien: 206. Nafarroan 117 zenbatu zituzten, Gipuzkoan 114 eta Araban 110.

Ospitaleetako egoerari dagokionean, berriz, datuak gorabeheratsuak dira. Atzo 48 lagun ospitaleratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan, aspaldiko gehien, baina Zainketa Intentsiboetako Unitateetan dagoen herrietaren kopuruak jaitsiera adierazgarria izan du: 81 daude egun, eta bederatzi gehiago zeuden bezperan. Guztira koronabirusa duten 321 lagun daude ospitaleratuta Osakidetzaren mendeko erietxeetan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide