Zumaian bi koronabirus kasu berri baieztatu zituzten atzo

Amaia Urbieta Arruti 2021ko mar. 24a, 13:42

Intzidentzia tasak gora egin du Zumaian, eta 193,34koa da gaur-gaurkoz. Tasen dantza nabarmena da eskualdeko herrietan; denak eremu horian baldin badaude ere, ez dute beheranzko joera argirik ageri. Hego Euskal Herrian, beste egun batez, 500 kasutik gora atzeman zituzten atzo.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak plazaratu berri du koronabirusaren bilakaera jasotzen duen txostena eta, horren arabera, atzokoan bi kasu positibo baieztatu zituzten Zumaian. Azkeneko datu horiekin gora egin du 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasak herrian: aurreko ostegunean bezala, 183,17koa zen atzo, baina 193,34ra igo da orain.

Urola Kostan, guztira, hamabi lagunek eman zuten positibo COVID-19a atzemateko proban atzo. Berriro ere Zarautzen atzeman zituzten kasu gehien: bost. Herenegun ez zuten positibo bat bera ere zenbatu herri horretan, beraz, jaitsi egin da apur bat kostako herriko intzidentzia tasa: 269,84 zen atzo, eta 265,56 da orain. Zoritxarrez, gaurko datuei erreparatuta, badirudi salbuespena izan zela atzokoa, eta Zarautzen joerak goranzkoa izaten jarraitzen duela.

Zestoan hiru kasu berri detektatu zituzten atzo, eta bana Azpeitian eta Aian. Zestoan igo egin da intzidentzia tasa: 231,12koa zen atzo eta 256,81ekoa da gaur. Azpeitian, berriz, jaitsi egin da zifra hori, 170,83tik 151,12era. Aian, ordea, 151,13ra igo da.

Eskualdeko gainontzeko herrietan ez zuten koronabirus kasu berririk atzeman atzokoan. Orokorrean, gorabeheratsu dabiltza egunotan Urola Kostako herrietako intzidentzia tasak. Herri guztiek eremu horian jarraitzen dute, eta kontroletik kanpoko igoerarik sumatzen ez den arren, badirudi beheranzko joeratik urrun dagoela eskualdea, orokorrean.

500eko langa gaindituta berriro

Hego Euskal Herriko datu orokorragoei erreparatuta, Osasun Sailaren eta Osasunbidearen arabera 14.058 proba diagnostiko egin dituzte guztira Hegoaldean, eta horietatik 627k eman dute positibo. Positibo gehien Bizkaian zenbatu zituzten: 256. Gipuzkoan 150 zenbatu zituzten, Nafarroan 117, 99 Araban, eta bost lurralde horietatik kanpo. Datu horien arabera, positibotasun tasa %4,3koa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %5,2koa Nafarroan.

Ospitaleetako egoerari dagokionez, ez dute hobera egin zenbakiek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 47 lagun ospitaleratu zituzten atzo Osakidetzaren erietxeetan, ia herenegun bezainbeste, eta ZIUn dagoen herritar kopurua bera da atzotik: 81. Ospitaleratuta daudenen zifrak, berriz, gora egin du apur bat: 243 daude gaur, atzo baino hiru gehiago.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide