Turismo Bulegoan eskuratu behar dira ‘Zumaia, herri bat COVID-19 olatuen aurrean’ dokumentalaren emanaldietarako sarrerak

Maria Maya Manterola 2021eko martxoaren 25a

Larunbatean 12:00etan izango da lehenbiziko pasea, baina elkarrizketatuek eta gertukoek ikusi ahal izango dute ikus-entzunezkoa ordu horretan. Asteburuko gainontzeko lau emanaldietarako sarrera aurrez eskuratu behar da, Turismo Bulegoan.

Zumaiarren ahotik, azken hamabi hilabeteen kontakizuna jasotzen du Zumaia, herri bat COVID-19 olatuen aurrean ikus-entzunezkoak. Asteburu honetan estreinatuko da lana: larunbatean, 12:00etan izango da aurreneko emanaldia, baina ekitaldi itxia izango da: elkarrizketatuek eta haien gertukoek ikusiko dute lana ordu horretan. Dena den, beste lau emanaldi antolatu dituzte Aita Marin: larunbatean 19:00etan, igandean 17:00ean eta 19:30ean, eta astelehenean 19:00etan. Emanaldi horietarako sarrerak Turismo Bulegoan –egunero zabalik, igande arratsaldean eta astelehenean izan ezik– eskuratu beharko dira.

Etorkizunerako testigantzak

Urtebete igaro da konfinamendu orokorra indarrean sartu zenetik, eta COVID-19ak erabat baldintzatutako hamabi hilabete hauen argazki bat osatu nahi izan dute Zumaiako Udalak eta Urola Kostako Komunikazio Taldeak (UKT), dokumental baten bidez. Jon Maiak zuzendu du lana, eta hainbat zumaiarren testigantzak jaso ditu azken urtearen kontakizuna egiteko. Horren guztiaren emaitza da Zumaia, herri bat COVID-19 olatuen aurrean.

"Herritar multzo zabalak hartu du parte proiektuan, ikuspegi ahalik eta osoena eta zabalena lortzeko. Konfinamendu garaietatik abiatuta, zumaiarrek zumaiarren ahotik entzun ahal izango dituzte urtebetean izandako bizipenak", azaldu du udalak. Ikus-entzunezko horren ekoizpenaren bitartez "herriko ondarea biltzea eta etorkizunerako dokumentu aberats bat sortzea" izan ditu helburu.

Erlazionatuak

Biharko zumaiarrentzat oparia

Amaia Urbieta Arruti 2021 mar 23 Gizartea

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide