Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eman berri ditu atzo, asteazkena, egindako PCR eta antigeno proben emaitzak. Zumaian ez dute kasu positiborik baieztatu, baina atzo bezala mantendu da 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa: atzoko emaitzak kontuan hartuta, 193,4koa izaten jarraitzen du.
Urola Kostan, guztira, 11 kasu berri zenbatu dituzte azken orduetan, eta horien erdiak baino gehiago Zarautzen izan dira: zazpi. Hala eta guztiz ere, intzidentzia tasa jaitsi egin da han, eta gaur-gaurkoz 256,99koa da, eskualdeko altuena.
Eskualdeko gainontzeko kasuak, berriz, Aian eta Azpeitian zenbatu dituzte, bina positibo herri bakoitzean. Azpeitian jaisten jarraitzen du intzidentzia tasak, eta 118,27koa da gaur-gaurkoz; horrenbestez, gero eta gertuago du eremu berdea. Aian, aldiz, gora egin du intzidentzia tasak; izan ere, egunak zeramatzaten herri hartan positibo berririk hauteman gabe, baina azken bi egunetan hiru kasu zenbatuta, 201,51ra igo da tasa.
Gainontzeko herrietan, berriz, ez dute kasu berririk zenbatu. Intzidentzia tasa kontuan hartuta, ordea, ezberdintasunak daude herri horietan. Izan ere, Zestoan oraindik ere 256,81eko tasa dute —eskualdeko bigarren altuena, Zarautzen ondoren—, Orion 114,16koa eta Azkoitian 91,80koa.
Hego Euskal Herrian, gora
Hego Euskal Herriko egoera eskualdekoa baino kezkagarriagoa da. Izan ere, lau lurraldeetan 13.157 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo, eta horietatik 686 pertsonak eman zuten positibo —herenegun baino 59 gehiagok—. Positibotasun tasa %5,3koa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %4,9koa Nafarroan. Positibo gehien Bizkaian zenbatu dituzte (239), eta, ondoren, Nafarroan (157), Gipuzkoan (151), eta Araban (136). Horrez gain Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpo bizi diren beste hiru pertsonak ere eman zuten positibo probetan.
Ospitaleratzeei dagokionez, berriz, 241 pertsona daude ospitaleratuta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erietxeetan; ZIUn dauden herritarrak, berriz, 83 dira. Osasunbideak ez du Nafarroako erietxeetako daturik eman.
LABIren bilera, bihar
Kasu positiboen goranzko joera ikusita, Iñigo Urkullu lehendakariak LABIren bilera deitu du biharko. Urkulluk adierazi duenez, neurri murriztaileak gogortzea “aztertzen” ari dira; besteak beste, establezimenduen ordutegiak mugatzea zein lurralde arteko konfinamendu perimetrala berriro ezartzea eztabaidatuko dituzte. Bihar, ostirala, 16:30ean egingo dute bilera.