COVID-19ak eragindako osasun krisialdiaren ondorioz bertan behera geratu ziren iaz herrian egin behar ziren hainbat kultur eta kirol jarduera. Horien artean izan zen Zumaia Flysch Trail mendi lasterketa. Hamabigarren edizioa izango zena ezin izan zen iaz jokatu, eta urtebete atzeratzea erabaki zuen orduan antolakuntzak. Birusa oraindik ere gure artean badabil ere, antolatzaileak pausoak ematen hasi dira mendi lasterketa aurten jokatu ahal izateko.
Hasteko, aukeratu eta gorde dute dagoeneko data. Dena ondo bidean, urriaren 3an korrituko da hamabigarren Zumaia Flysch Trail mendi lasterketa. "Data gorde dugu dagoeneko eta hemendik aste batzuetara egingo ditugu beharrezko gestioak. Baina, ekainaren erdi aldera izango dugun osasun egoeraren arabera erabakiko da proba jokatuko den edo ez", azaldu du Bosco Garitano, Zumaia Flysch Traileko antolakuntzako kideak.
Garitanoen esanetan, bi distantziatan korrituko da hamabigarren traila. "Distantzia luzeko lasterketak 42 kilometro izango ditu, eta 2.950 metroko desnibel positiboa. Aurreko lasterketakoa baino 700 metro gehiago ditu. Metro horiek Andutzen egingo dira: lehen bitan igotzen zen, orain lautan igoko da". Distantzia laburreko lasterketak, berriz, 22 kilometro izango ditu, eta 850 metroko desnibel positiboa.
Biak ala biak Munduko Koparako puntuagarriak izango direla iragarri du Garitanok. "Kopako azken probetako bat izango da, eta Zumaian jakingo da zer korrikalarik irabaziko duten txapelketa hau". 2019ko denboraldiko kirolari onenak Zumaian izango direla azpimarratu du Garitanok. "2019koak, izan ere iaz ez zen probarik jokatu".
Oraindik ere egutegi guztia zehaztu gabe badago ere, litekeena da lasterketa honen inguruan antolatzen ziren beste jarduera batzuk bertan behera utzi behar izatea. Hasteko, aurten ez da itsuen lasterketarik egongo, eta Nordic Walkingekoa ere kolokan dago gaur-gaurkoz. "Flysch kulturala egingo da. Itsasoan, espazioan edo mendian pilatutako hondakinen inguruko saioak izango dira aste horretan zehar".
Segurtasuna
Ekainaren erdi aldera jakingo da lasterketa jokatzeko baimena izango duten edo ez. "Garai horretan ikusiko dugu zer egoeratan gauden. COVIDagatik ezin badugu korrikalarien, boluntarioen eta publikoaren segurtasuna bermatu, ez da jokatuko. Lehentasuna hori da, horien guztien segurtasuna bermatzea".
Flysch Traila jokatzeko baimena lortuz gero, uztailean zabalduko lukete lasterketarako izen-ematea. Printzipioz, bi lasterketetako partaidetza batuta, 700 korrikalarik hartu ahal izango lukete.