Aste Santuaren aurretik Labi batzordeak erabaki zuen ixtea 14 eguneko kasu metatuen tasa 400dik gorakoa duten herriak. Aurreko astelehenean, martxoaren 29an, sartu zen indarrean araua, eta gaur eguneratu egin dute itxitako udalerrien zerrenda, Osakidetzak koronabirusaren datu eguneratuekin plazaratutako txostena aintzat hartuta.
Batetik, Araba eremu gorrian sartu da, eta beraz, bihartik aurrera ezingo da lurralde horretan sartu, aparteko baimenik izan ezean. Itxieraz gain, ostalaritzak ere hartu beharko ditu neurriak: barruko jarduera mugatuta izango dute ordu jakin batzuetara; 06:30tik 09:30era eta 13:00etatik 16:00etara, hain zuzen.
Bestetik, Bizkaiari eta Gipuzkoari dagokionez, zabalik egongo da bi lurraldeen arteko mugikortasuna datorren astelehenera arte bederen, baina perimetralki itxita egongo dira hainbat udalerri bihartik aurrera; beraz, ezingo da herri horietara joan.
Bizkaian Ondarroa eta Ermua egongo dira itxita, eta Gipuzkoan Arrasate, Beasain, Lazkao, Legazpi, Lezo, Oiartzun, Ordizia, Oñati, Tolosa, Urretxu eta Zumarraga itxiko dituzte.
5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerri batzuk ere ixtea erabaki dute, honakoak: Berriatua, Berriz, Idiazabal,Ormaiztegi, Segura, Zaldibar, Zaldibia eta Zegama.
Urola Kosta eskualdean, momentuz, ez dago 400eko intzidentzia tasa gainditzen duen 5.000 herritarretik gorako herririk, eta Aiak eta Getariak tasa hori gainditzen duten arren, ez dituzte itxiko. Ikusi hemen gaur-gaurkoz eskualdean dauden tasak.
Itxitako herriek aste osoan egon beharko dute egoera horretan, zerrenda berriz datorren astean berrituko baita.