Azken egunotako joerari eutsi diote gaur Eusko Jaurlaritzak argitaratutako koronabirusaren bilakaera aztertzen duten datuek. 41 positibo berri atzeman zituzten atzokoan denera Urola Kostan. Herenegun baino gutxiago izan baziren ere, oso altua izaten jarraitzen du kopuruak, eta herrietako intzidentzia tasek, orokorrean, gora egin dute.
Zumaian hala egin du, esaterako: 244,23tik 274,75ra pasa zen atzo, eta gaur, 274,74etik 335,81era. Ondorioz, eremu laranjan sartu da herria, eta 400eko langara gerturatu da–eremu gorrian daude 400etik gorako herriak–. Datuak are okerragoak dira Aste Santuen aurreko egunekin konparatuz gero. Martxoaren 31n, izan ere, 162,82koa zen intzidentzia tasa.
Grafikoan ikus daiteke azken asteetan zer bilakaera izan duen koronabirusak herrian. Martxo hasieran egondako beherakadaren ondotik, gorantz egiten ari dira positiboak herrian. Atzo, bederatzi positibo berri zenbatu ziren, azken egunetako kopuru altuena. Izan ere, asteartean eta asteazkenean hiruna kasu zenbatu zituzten, astelehenean ez zuten kasu bakarrik atzeman, eta ostiraletik igandera, berriz, guztira bost kasu (bat ostiralean eta bina larunbatean eta igandean).
Eskualdean gorriz herri batzuk
Eskualdeari dagokionez, atzokoan ere Zarautzen atzeman zituzten kasu gehien: 15. Azken hiru egunetan, guztira, 56 kasu atzeman dituzte herri horretan, eta oso denbora gutxian eremu horian egotetik gorrian egotera igaro da bertako intzidentzia tasa. Gaur-gaurkoz, 445,45ekoa da tasa herri horretan.
Azkoitia ere eremu gorrian dago astearteaz geroztik, eta azken egunotako positibo gehien atzeman zituzten atzokoan herri horretan: 11. Hori horrela, dagoeneko larria zen tasa are gehiago igo da. 559,13koa da herri horretan orain 14 eguneko kasu metatuen tasa.
Gainontzeko kauak Aian (1), Azpeitian (2), Getarian (2) eta Zestoan (1) atzeman dituzte, eta herri horietako intzidentzia tasek ez dute gorabehera handirik izan. Eskualdeko beste herrietan ez zuten kasu berririk zenbatu atzokoan.
Mila kasutik gora Hegoaldean
Hego Euskal Herriko datuei dagokienez, 13.901 proba egin zituzten atzokoan, eta horietatik 1.075ek eman zuten positibo. Lurraldeka, Gipuzkoan atzeman zituzten kasu gehien atzokoan (334). Bizkaian 314 zenbatu zituzten, Nafarroan 283 eta Araban 140. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako positibotasun tasa %7,4koa da azken datuen arabera, eta Nafarroakoa, berriz, %8,9koa.
Erietxeen egoeraren inguruko datuak ere kezkagarriak dira. Atzoko paziente kopuru berak jarraitzen du ospitaleratuta (366), baina aspaldiko ospitaleratze berri gehien izan dira azken egunean (74), eta Zainketa Intentsiboen Unitatean ere azken asteotan egon den gaixo kopuru handiena dago (106).