Emaitza onekin amaitu dute zumaiarrek Gipuzkoako Batel Liga

Onintza Lete Arrieta 2021eko apirilaren 10a

Telmo Deun Arraun Elkartekoak, artxiboko irudian

Ligako azken jardunaldia jokatu dute gaur Pasaian arraunlariek, eta hiru onenen artean sailkatuta gelditu dira Telmo Deuneko infantil neskak, promesak, kadeteak eta jubenil mutilak. Bihar Gipuzkoako Txapelketa jokatzeko sailkatu dira horiek.

Gaur amaitu da Kluben Arteko Gipuzkoako Batel Liga, goizean Pasaian jokatu diren estropadekin. Zumaiarrek lan txukuna egin dute denboraldian zehar, eta sailkapen orokorrean islatuta gelditu da. Ez alferrik, hiru onenen artean amaitu dute liga maila gehienetan.

Mailaz maila esanda, infantil nesketan, bigarren gelditu da Zumaia B taldea, eta laugarren egin du Zumaia A taldeak; B taldea sailkatu da bihar jokatuko den Gipuzkoako Txapelketarako. Maila bakoitzeko lau lehenengoak sailkatu dira, baina klub bakoitzetik ontzi bakarra pasa daitekeenez, A ontzia txapelketatik kanpo geratu da; haren tokia Orio A-k hartuko du txapelketan. Kategoria horretan San Juanek irabazi du liga, puntu bakarragatik: 55 puntu ditu San Juanek, eta 54, Zumaia B-k.

Infantil mutiletan seigarren eta zazpigarren gelditu dira ligan Zumaia A eta Zumaia B ontziak, eta Orio A izan da ligako txapelduna.

Promesa neskak, berriz, hirugarren gelditu dira ligan, eta bihar txapelketan lehiatuko dira. San Juan A-rentzat izan da garaipena.

Kadete mutilak ere biharko lehian izango dira, horiek ere hirugarren amaitu dutelako liga, Orio A eta San Juanen atzetik.

Jubenil mutilek bigarren egin dute, Orio A-ren atzetik, eta horiek ere finalean izango dira bihar. Jubenil neskak, azkenik, ez dira hain fin ibili, eta seigarren amaitu dute liga. 

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide