Elite eta 23 urtez azpiko txirrindularien kategorietan proba entzutetsua da gaur lehiatuko den Balentziagaren oroimenezko lasterketa. 153 kilometroko ibilbidea egin beharko dute ziklistek, eta Eibarko (Gipuzkoa) Arrate santutegian amaituko da, atzo Itzulia amaitu zen moduan. Espainiako Koparako puntuagarria izango da, gainera, gaurko proba.
Eskualdeko kostako herriak gurutzatuko dituzte gaur goizean txirrindulariek; horietako batzuk, bi aldiz. Itziartik Zumaiara iritsiko dira Txikierditik igarota 10:20 aldera, eta handik Getaria aldera joko dute. Zarautz eta Aia igaro ostean, Oriora heldu eta buelta erdia eman beharko dute txirrindulariek. Oriotik ez dira Aiara itzuliko, Zarautzera joko dute zuzenean, eta handik berriro joango dira Getariara eta Zumaiara, hurrenez hurren. 11:30 aldera zeharkatuko dute Zumaia bigarrengoz, eta zeharbidetik Itziar aldera egingo dute ziklistek.