Beste hamabost kasu positibo zenbatu dituzte Zumaian

Amaia Urbieta Arruti 2021ko api. 21a, 13:11

Nabarmen egin du gora intzidentzia tasak beste behin: 1.017,6koa zen atzo, eta 1.139,72koa da azken orduetako emaitzak kontuan hartuta. Gipuzkoan 5.000 biztanletik gorako herri bakarra dago gaur egun eremu gorritik kanpo.

Azken egunetako koronabirus kasu berrien igoerak ez du etenik, eta Eusko Jaurlaritzak plazaratu berri duen txostenaren arabera, azken datuak ez dira hobeak. Zumaian azken egunetako kasu gehien zenbatu zituzten atzokoan: hamabost. Hori dela eta, igoera nabarmena izan du hango intzidentzia tasak, eta 1.139,72koa da orain. Atzo 1.017,6koa zen.

Denera 78 kasu berri atzeman dituzte Urola Kostako herrietan, atzo baino bat gehiago, eta orokorrean, gora egin dute intzidentzia tasek. Gaur-gaurkoz, eskualdeko 5.000 biztanletik gorako ia herri guztietan 1.100dik gorakoa da intzidentzia tasa.

Zarautzen atzeman zituzten atzo ere kasu gehien: 23. Kezkagarria da oso kostako herri horren egoera, izan ere, azken zazpi egunetan denera 166 kasu zenbatu dituzte, eta azken bi asteetan igoera izugarria izan du bertako intzidentzia tasak. Atzoko datuen arabera, 1.223,09koa da gaur-gaurkoz. Inguruko herrien egoera ere larria da; Getarian lau kasu berri zenbatu zituzten atzo, eta 14eguneko tasa 100.000 biztanleko 1.448,76koa da, atzoko kopuru bera.

Azpeitia eremu gorrian baldin badago ere, azken boladan eskualdeko gainontzeko herrietan baino positibo gutxiago ari ziren zenbatzen herri horretan. Atzoko datuek joera hori hautsi, eta bertako intzidentzia tasa 500etik gora kokatu dute. 12 positibo berrirekin, 551,91koa da bertako tasa. Azkoitian sei kasu atzeman dituzte, eta ilun dago kontua han ere, etengabe igotzen ari baita intzidentzia tasa: 1.385,3koa da gaur. Orion berriz, zazpi kasu berri atzeman zituzten atzoko probetan, eta 1.223,09ra igo da hango intzidentzia tasa. Aian eta Zestoan ere zenbatu zituzten kasu berriak, bat eta hiru hurrenez hurren, eta mantendu egin dira herri horietako intzidentzia tasak: 1.763,22koa da Aian eta 616,33koa Zestoan.

Gipuzkoa kezka iturri

Hego Euskal Herriko datuei erreparatuta, Osakidetzak eta Osasunbideak jakinarazi dituzten datuen arabera, 15.453 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo lau lurraldeetan, eta horietatik 1.198k eman zuten positibo; alegia, %7,7k. Horietatik 120 Araban atzeman zituzten, 445 Bizkaian, 420 Gipuzkoan eta 196 Nafarroan. Lurralde horietatik kanpo bizi diren beste hamazazpi lagunek ere eman zuten positibo atzokoan. Lurralde denetan dira kezkgarriak datuak, baina azpimarratzekoa da Gipuzkoan 5.000 biztanletik gorako herri bakarra dagoela gaur egun eremu gorritik kanpo: Elgoibar, 251,30ko tasarekin.

Erietxeetako egoerari dagokionean ere txarrak dira azken datuak. 117 ospitaleratze berri izan ziren atzo Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Osakidetzaren mendeko erietxeetan, eta denera 553 lagun daude ospitaleratuta (apirilaren hasieran baino 187 gehiago). Zainketa Intentsiboen Unitateetan daudenen kopuruak ere hazten jarraitzen du egunez egun; 158 daude gaur-gaurkoz.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide