Asteburu honetan 24 kasu berri baieztatu dituzte Zumaian

Aritz Mutiozabal 2021ko api. 26a, 14:10

Aurreko asteburuan baino lau kasu positibo gutxiago zenbatu dituzte oraingoan. Dena den, eremu gorrian jarraitzen du herriak, eta gaur egun 1.333,06koa da intzidentzia tasa.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu berri ditu azken hiru egunetan egindako PCR eta antigeno proben emaitzak, eta asteburu honetan 24 kasu berri hauteman dituzte Zumaian: hamalau ostiralean, bost larunbatean eta bost atzo, igandean. Zumaian gorakada nabarmena izan du intzidentzia tasak astebetean –aurreko astean 936,20an bazegoen, orain 1.333,06an dago–, eta eremu gorrian jarraitzen du.

Datuek beheranzko joera hartu dute, hala ere, Urola Kostan. Guztira, 130 kasu atzeman dituzte eskualdean ostiraletik igandera bitartean, joan zen astelehenean baino 71 gutxiago. Edonola ere,  5.000 biztanletik gorako herri guztiek 400dik gorako intzidentzia tasarekin jarraitzen dute oraindik ere: alegia, itxita daude guztiak, eta perimetralki itxita jarraitu beharko dute beste astebetez gutxienez ere. Horiez gain, Osasun sailak ebatzi du perimetralki itxita jarraituko dutela Aiak, Getariak eta Zestoak, eta zerrenda horretan sartu du Aizarnazabal ere.

Positiborik gehien, beste behin, Zarautzen atzeman dituzte: 53. Joan zen asteko datuekin alderatuta, behera egin dute positiboek, baina intzidentzia tasak gorantz egin du 1.1212,15ean kokatuta.

Azkoitian zertxobait hobera egin dute datuek izan ere, 20 kasu berri hauteman dituzte han azken hiru egunetan, aurreko astean baino zortzi gutxiago, eta 1.159,98ko intzidentzia tasa du uneotan; ia 15o puntu jaitsi ditu astebetean. Orion ere jaitsi egin dira asteburuko positibo datuak: bost kasu hauteman dituzte; aurreko astean hamabost izan ziren.  Hala ere, intzidentzia tasak gora egin du, eta 1.190,48koa da gaur-gaurkoz. Azpeitian aurreko asteko kopuru bera baieztatu du Osasun Sailak: 17 kasu positibo. Horrez gain, intzidentzia tasak gora egin du eta 611,04an kokatu da une honetan.

Eskualdeko 5.000 biztanletik beherako herrietan beheraka doa COVID-19 gaitzaren hedapena. Aian hiru kasu izan dira asteburuan, Aizarnazabalen eta Getarian bina eta Zestoan hiru. Beizaman eta Errezilen ez dute kasurik hauteman.

Hegoaldean goraka

Guztira, 890 kasu positibo hauteman zituzten atzo Hego Euskal Herrian, eta 10.470 PCR eta antigeno proba egin zituzten lau lurraldeetan. Positiborik gehien Gipuzkoan zenbatu zituzten (356), eta, ondoren, Bizkaian (325), Nafarroan (128) eta Araban (75); lurralde horietatik kanpoko beste sei kutsatu ere. Ospitaleratze kopuruak nabarmen ari dira goraka herrialde osoan: 568 pertsona daude une honetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitaleetan, eta 200dik gora Nafarroakoetan. ZIUetan ere bide beretik doa joera: 192 daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Positibotasun tasari dagokionez, berriz, %8,6koa da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eta %7,8koa Nafarroan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide