UKUE Urola Kostako Udal Elkarteak jakinarazi du azkenaldian ontzi arinen bilketan inapropioen kopuru altuak zenbatu dituztela, eta horrek asko zailtzen duela birziklapen prozesua. Ingurumen-kalteaz gain, diru galera handia ere bada, UKUEren arabera.
Horregatik, datozen hilabeteetan arreta berezia jarriko dute ontzi arinentzako edukiontzietan. Hala eta guztiz, nabarmendu dute 2018an hondakinak biltzeko sistema berria ezarri zenetik, ondo sailkatutako hondakinen kopurua 20 puntu baino gehiago igo dela Urola Kostan. Bilakaera positiboa izan arren, hobetzen jarraitzeko nahitaezkoa da ontzi arinak ondo sailkatzea, UKUEren arabera.
Hona hemen ontzi horietan utzi daitekeenaren eta ezin daitekeenaren zerrendak:
Ontzi arinak:
- Plastikozko botilak: ura, edari freskagarriak, olioa...
- Plastikozko ontziak: garbikariak, kosmetika gaiak (gel, xampu, hidratatzaile...).
- Plastikozko ontzi txikiak: yogurt-poteak eta antzekoak.
- Edari-brikak: esnea, zukuak, ardoa...
- Plastikozko poltsa, zorro edo bildukinak.
- Metalezko ontziak: edari eta kontserbak , aerosolak, metalezko tapak...
Zer ez utzi ontzi arinen edukiontzian:
- Kartoizko estalkiak.
- Beirazko botilak eta ontziak.
- Kartoizko arrautzontziak.
- Plastikozko jostailuak.
- Tresna elektriko txikiak.
- Biberoiak.
- Gomazko eskularruak.
- Garbitasun tresnak (orrazia, hortz eskubilak...).
- Sukaldeko tresnak (zartaginak, kazolak, eta abar).
- Frutarentzako plastikozko kaxak
- Plastikozko aulki eta mahaiak
- Bustinezko potoak
- Film-a.
- Edari-janariak eramateko paperezko ontziak
Birziklatu ezin diren hondakinak –pixoihalak, musukoak, gomazko eskularruak...– errefusarentzako edukiontzi grisetan uzteko eskatu diete herritarrei, bestalde. Hondakin inapropioen kopuru altuak dituzten guneei jarraipen berezia egingo diete, eta informazio eskuorriak ere jarriko dituzte.