Gaur egun Zumaiako Gizarte Zerbitzuen bidez kudeatzen dira zenbait dirulaguntza, besteak beste, Gizarte Larrialdietarako Laguntza. Horren harira, aurreko urteko zenbait daturen berri eman dute Gizarte Zerbitzuek. Jakinarazi dute Gizarte Larrialdietarako Laguntza jasotzeko 84 eskakizun izan zirela iaz, eta 68 bizikidetza unitateri onartu zizkietela eskaerak. Guztira, 161 pertsonak osatzen dituzte bizikidetza unitate horiek.
Aurreko lau urteetako datuekin alderatuta, beraz, iaz gora egin zuen laguntza hori eskatu zuten zumaiarren kopuruak. Zumaiako 51 bizikidetza unitatetan jaso zuten Gizarte Larrialdietarako Laguntza 2019an (hamalau eskaera bota ziren atzera), 54 unitatetan 2018an (zazpi eskakizun ezeztatu ziren), eta 56 unitatetan 2017an (zazpi eskaera ukatu ziren) nahiz 2016an (11 eskakizuni eman zitzaien ezezkoa).
Zailtasunak etxebizitza bermatzeko
Gizarte Larrialdietarako Laguntza gehienak etxebizitzarekin lotutako gastuak ordaintzeko bideratu ziren 2020an: zenbateko osoaren (86.500 euro) %34,78 (30.092,50 euro) erabili zen eskatzaileek alokairua ordaindu ahal izateko, %22,26 (19.258,17 euro) energia hornidurarako gastuei aurre egin ahal izateko, eta %18,64 (16.127,89 euro) etxebizitzaren mantentze gastuak ordaindu ahal izateko. Gizarte Zerbitzuen esanetan, %70 baino gehiago dira etxebizitzarekin zerikusia duten gastuak kitatzeko zailtasunak dituztenak. Eskatzaileen %52,94 bizi dira alokairuan, eta mailegua ordaintzen ari dira %18.
Bestalde, interesak eta amortizazioak ordaintzeko erabili zen iaz laguntzen zenbateko osoaren %12,95 (11.208,16 euro), eta "oinarrizko behar" gisara sailkatutakoak bermatzeko, aldiz, %10 (8.646,41 euro).
Aurpegiak
Gizarte Zerbitzuek azaldu dutenez, iazko 68 eskatzaileen artean, soldatapeko lanean ari dira ia erdia, eta emakumeak dira 48 (eskatzaileen %70,6). 60 urtetik gorako pentsiodunak dira 21, baina 35 eta 60 urte artekoak dira gehienak: 40 zumaiar.
Eskatzaileen erdia bakarrik bizi da, eta seme-alabak dituzte beste erdiaren bizikidetza unitateetan. Jatorriari dagokionez, Zumaian jaiotakoak dira %26. Espainiako Estatutik kanpo jaio dira %36; Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan %20; eta Espainiako Estatuko gainontzeko lurraldeetan %16.