Dena den, tarte txikia dagoenez hartu eta zaborretara bota dut zati hori, hemen teklatuei buruz hitz egin nahi baitut.
Gailuek errealitatearekin dugun harremana baldintzatzen dutela argi dago. Sormen lanetan ere gailu baten izaera fisikoak guztiz baldintza dezake emaitza. Gogoan dut musika talde batek teklatu oso bitxi bat zuela: piano tekla zuri-beltzen ordez eskusoinuaren baxuen botoien antzekoak zituen. Ez dut berriz ikusi halako teklaturik, baina argi dago ergonomikoki askoz praktikoagoa dela gure eskuentzat horrelako antolaketa, idazteko teklatuaren modukoa, pianoaren teklen antolaketa baino. Pianoak eta bere arbaso klabezin eta abarrek beste arazo batzuk zituzten teklatu elektroniko edo digitalek ez dituztenak, haiek mekanikoki eta baskula bitartez hatzamarra tekla gainean jartzearen indarra mailu batek soka batzuetan kolpe bat emateraino bideratu behar zuten, bidean sordinak altxatuz eta berriz ere pausatuz. Oso konplexua. Eta teklatik sokaraino lerro zuzen bat eskatzen zuena arazoa gehiago ez konplikatzeko. Besteak beste, behar tekniko horiek erabakiko zuten pianoaren teklatuak duen antolaketa: banan-banan ezkerretik eskuinera lerrokatuta dauden laukizuzen meheak.
Gaizki kontatu ez badut, nire ordenagailuaren teklak 78 dira; piano batenak, 88. Nahiz eta gutxiago izan, erraz irudika ditzakegu beste hamar tekla gure ordenagailuan. Gero konparatu zer distantzia dagoen lehen teklatik azkenera batean eta bestean. Musika teklatu elektroniko eta digitaletan ez da beharrezkoa teklak lerrokaturik egotea; idazteko teklatu baten antzekoak izan zitezkeen. Baina ez dira. Hor diseinu akastun edo ez-egokienarekin jarraitzen dugu aurrera. Kristalizatu den egitura bat, egitura hobea egon zitekeenean.
Idazteko teklatuetan ere ezaguna da erabiltzen dugun sistema, QUERTY sistema, ez dela gaur egun izan zitekeen egokiena. Hor ere diseinu ez-egokienarekin jarraitzen dugu. Hizkiak teklatuan zein leku izango zuten erabakitzerakoan proba asko egin ziren; topatu zuten antolaketa bat zeinetan makanografoek abiadura handienean idatz zezaketen, baina garaiko idazmakina mekanikoak ez zeuden abidura hartarako prestatuta eta trabatu egiten ziren. Hori zela eta, mekanografoen abiadura motelduko zuen antolaketa bat hobetsi zen. Gaur egun ez dugu idazmakina mekanikorik erabiltzen. baina haien herentzia mantentzen dugu eta ordenagailuen teklatuetan diseinu moteltzaile hori betikotu da.