Beste lau positibo atzeman dituzte Zumaian

Andoni Elduaien 2021ko mai. 6a, 13:08

Intzidentzia tasak behera egiten jarraitzen du pixkanaka. Hala ere, eskualdeko herri handienen artean intzidentzia tasa altuena da Zumaiakoa; 946,37koa da gaur-gaurkoz. Hego Euskal Herrian positiboek kopuru altuetan jarraitzen dute.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak duela gutxi kaleratu du COVID-19ak eragindako pandemiaren bilakaeraren inguruko txostena. Dokumentu horren arabera, atzoko egindako probetan lau kasu positibo atzeman zituen Zumaian Osasun Sailak, bezperan bezainbeste. Aste honetan, beraz, guztira hamalau kasu berri baieztatu dituzte herrian.

Intzidentzia tasak pixkanaka behera egiten jarraitzen badu ere, eskualdeko herri handienen artean tasa altuena dauka Zumaiak. 1.000ko langatik behera jaitsi eta 987,08an zegoen atzo, eta azken orduetako datuak kontuan hartuta, 946,37koa da zenbatekoa.

Urola Kosta eskualdean apaltzera egin dute kasu positiboek. Eskualdean 23 positibo detektatu zituzten atzo egindako probetan, herenegun baino hamabi kasu gutxiago. Horrekin batera, herri ia guztietako intzidentzia tasak behera egin du azken 24 orduetan. 

Zumaiako kasuez gain, emaitza positiboak izan dira Zarautzen, Azkoitian eta Azpeitian ere. Zarautzen zortzi positibo hauteman dituzte, eta 903,76ko intzidentzia tasa dute han, atzo baino 30 puntu baxuagoa. Azkoitian, bestalde, zazpi kasu atzeman dituzte eta 909,62ko intzidentzia tasa du, atzo baino 42 puntu baxuagoa. Azpeitian lau kasu zenbatu dituzte, baina egoera hobera egiten ari da azken egunetan; izan ere, 473,06ko intzidentzia tasa dute –atzo baino sei puntu baxuagoa–, 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herri guztien artean baxuena.

Eskualdeko gainerako herrietan ez zuten kasu positiborik atzeman atzo. Intzidentzia tasa altuetan jarraitzen dute, halere, herri guztiek. Aian 1.007,56koa da intzidentzia tasa, Aizarnazabalen 1.300,39koa, Errezilen 1.127,21ekoa, Getarian 459,36koa, Orion 538,16koa eta Zestoan 513,61ekoa. Beizaman, aldiz, intzidentzia tasa zeroan dute.

Positiboak, kopuru altuetan

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Nafarroako Gobernuko Osasunbideak emandako informazioaren arabera, Hego Euskal Herrian 809 kasu positibo baieztatu zituzten atzo 13.965 PCR eta antigeno proba egin ondoren. Lurraldeka, 66 kasu detektatu zituzten Araban, 358 Bizkaian, 237 Gipuzkoan eta 136 Nafarroan. Positibotasun tasa, berriz, %5,8koa izan zen atzo Hego Euskal Herrian.

Jaurlaritzako Osasun Sailak azaldu duenez, atzo 50 lagun ospitaleratu zituzten Osakidetzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dituen erietxeetan. Egun 425 pertsona daude ospitaleratuta, eta 183 lagunek zainketa berezia behar dute. Gaixotasunaren birsorkuntza tasa edo R0 indizea, aldiz, 0,87koa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide