Saio irekiak egingo dituzte musika eskolako ikastaroetan

Dorleta Agiriano Lai 2021eko maiatzaren 6a

Ate irekien jardunaldiak egokitu behar izan dituzte musika eskolan, eta ohiko formatuan egin ordez, hainbat klase ireki egingo dituzte lau ikastarotan. Maiatzean izango dira saio guztiak.

Zumaiako Musika Eskolak jakinarazi duenez, osasun egoera dela eta, ikasturte honetan mugatuak izango dira ate irekien jardunaldiak. Ohiko formatuan egin beharrean, saio irekiak egingo dituzte lau ikastarotan; hain zuzen, euskal dantzan, dantza garaikidean, musika tailerrean eta antzerki tailerrean.

Dantza garaikidea probatzeko izango da aurreneko eskola irekia, maiatzaren 18an, Zumaienan. 12 eta 16 urte artekoak 18:00etatik 19:00etara arituko dira, eta 16 urtetik gorakoak, 19:00etatik 20:30era. Antzerki tailerrean maiatzaren 19an eta 20an egingo dituzte jardunaldi irekiak, Ubillos jauregian. 7 eta 12 urte arteko gazteen txanda izango da 18:30etik 20:00etara, eta 12 urtetik gorakoena, aldiz, 19:00etatik 20:30era.

Musika tailerrean, ordea, maiatzaren 24rako nahiz 25erako antolatu dituzte klase irekiak Ubillos jauregian. 17:00etatik 17:45era izango da saioa, eta 3 urteko haurrei zuzendutako ikastaroa denez, heldu batek lagundu beharko die. Maiatzaren 25ean euskal dantzak probatzeko aukera ere egongo da Torreberri gaztetxean, 17:00etatik 17:45era. 7 urteko haurrentzako klasea izango da, eta heldu batekin joan ahal izango dira.

Izen-ematea, hilaren 10ean

Saio ireki horietan parte hartu nahi dutenek, baina, aurrez eman beharko dute izena. Maiatzaren 10ean irekiko du izen ematea musika eskolak, eta hilaren 14an itxiko du. 943 86 11 83 telefono zenbakira deituta edo musikaeskola@zumaia.eus helbide elektronikora mezu bat bidalita eman daiteke izena.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide