Kaleko Pintura Lehiaketa, berriro abian

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mai. 12a, 16:30

Maiatzaren 23an egingo dute aurtengo Kaleko Pintura Lehiaketa, eta egunean bertan banatuko dituzte sariak. Egun horretara bitartean, azken hogei urteetan sariketara aurkeztu diren hainbat lanen erreplikak egongo dira ikusgai Zumaiako zenbait erakusleihotan.

Aurreko urtean ez zen Kaleko Pintura Lehiaketarik egin Zumaian, baina sariketa berrartu eta hitzordu berria jarri dute aurten. Maiatzaren 23an, igandean, izango da aurtengo edizioa. Momentuz behintzat, Zumaiako nahiz Zumaiatik kanpoko pertsonek hartu ahal izango dute parte, eta antolatzaileek pintzelak eskuan hartzeko eta lehiaketan parte hartzeko deia luzatu diete, batez ere, zumaiarrei.

Bi hamarkada baino gehiago dira Zumaian Kaleko Pintura Lehiaketa egiten dela, eta parte hartzaileen esku egon ohi da gaia nahiz teknika aukeratzea. Halaxe izango da oraingoan ere. Derrigorrezkoa izango da, dena den, partaideek kalean margotzea, eta Zumaiako lur eremuaren barruan. 09:00etatik 11:00etara bitartean bertaratu beharko dira Oxford aretora, erabiliko dituzten euskarriak zigila ditzaten. Euskarri horiek gogorrak izan beharko dira, eta ezingo dute inolako marrazki, marra edo marra aztarnarik izan.

Margolanak amaitzean, Oxford aretora aurkeztu beharko dira, 13:00etatik 14:00etara bitartean. Gero, han egongo dira ikusgai lan guztiak, arratsalde osoan zehar. Oxforden egingo dute sari banaketa ere, hilaren 23an bertan, 19:00etan.

Hiru sari nagusi

Oraingoan ere haurrentzako nahiz helduentzako sariak izango dira Kaleko Pintura Lehiaketan. Helduen artean, hiru sari nagusi banatuko ditu epaimahaiak: 800 euro jasoko ditu lehenengo saria eramaten duenak, 500 euro bigarrenak eta 300 euro hirugarrenak. Bestalde, bestelako saririk lortu ez duen zumaiarrik onena ere sarituko dute; 300 euro eta Pinturas Rubioren opari bat emango dizkiote.

Haurrei dagokienez, bi sari esleituko ditu epaimahaiak: 12 urtera arteko gazterik onenari batetik, eta 12 eta 16 urte arteko gazterik onenari, bestetik. Pinturas Rubioren eskutik, arte material sorta bana jasoko du bakoitzak.

30 lan ikusgai

Maiatzaren 23ra bitartean, gainera, azken hogei urteetan sariketara aurkeztu diren 30 margolanen erreplikak egongo dira ikusgai herrian. Zumaiako Udalak, dendariekin elkarlanean, hainbat erakusleihotan jarri ditu sorkuntza horien kopiak. Udalaren esanetan, "aurtengo sariketari indarrez heltzea" da beren asmoa. Erakusketa bukatzen denean, erakusleihoetan margolanak ikusgai dituzten saltokietako bezeroen artean zozkatuko dituzte erreplikak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide