Atzo egindako PCR eta antigeno proben emaitzak jakinarazi ditu jada Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Txostenaren arabera, aurreko egunetan bezainbeste kasu positibo izan dira Zumaian: bi. Pixkanaka behera doa 100.000 biztanleko hamalau egunetako tasa, eta atzo 700eko langatik jaitsi bazen, 600eko mugatik behera kokatu da gaurkoan: 681,8an zegoen atzo, 580,03an dago une honetan.
Urola Kostan hogei lagunek eman dute positibo atzo egindako probetan, bezperan baino bost gehiagok. Azpimarratzekoa da Azkoitian baieztatu dituztela kasu gehien azkeneko orduetan, zortzi, eta Azpeitian ere gora egin duela atzemandako kasuen kopuruak, bost emaitza positibo izan baitira atzoko probetan. Zarautzen behera egiten jarraitzen dute kasuek, atzo lau positibo zenbatu baitzituzten, eta Orion kasu berri bat hauteman dute, azken hiru egunetako lehenengoa. Eskualdeko gainontzeko herrietan, ordea, ez da emaitza positiborik egon.
Azkeneko emaitzak kontuan hartuta, Orion eta Azpeitian gora egin du 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasak: Orion 456,62an zegoen atzo eta 472,93an dago azken orduetako datuekin, eta Azpeitian, aldiz, 354,8tik 361,37ra igo da. Eskualdeko gainontzeko herrietan, baina, jaitsi edo berdin mantendu da intzidentzia tasa, baita Azkoitian ere, bezperako emaitzekin alderatuta, baieztatutako kasuek gora egin arren.
Atzotik hona, beraz, honako jaitsiera izan dute kasu metatuen tasek herriz herri: 906,8tik 604,53ra jaitsi da Aian, 650,2tik 520,16ra Aizarnazabalen, 759,41etik 734,37ra Azkoitian, 212,01etik 176,68ra Getarian, 586,8tik 522,55era Zarautzen, 487,93tik 410,89ra Zestoan eta, hasieran esan bezala, 681,8tik 580,03ra Zumaian. Errezilen berdin mantendu da intzidentzia tasa, 1.449,28an (eremu berdean dago dena den), eta Beizaman, aldiz, hutsean.
551 kasu Hego Euskal Herrian
Koronabirusa hautemateko 11.907 proba egin zituzten atzo, asteazkenean, Hego Euskal Herrian. 551 emaitza positibo izan dira guztira, bezperan bezala, ia-ia; asteartean egindako probetan 543 emaitza positibo zenbatu zituzten. Atzoko proben bidez 276 kasu berri detektatu dituzte Bizkaian, 152 Gipuzkoan, 94 Nafarroan, 27 Araban eta bi beste lurralde batzuetan.
Hala ere, positibotasun tasak joera desberdina izan du Hego Euskal Herriko lurralde batean edo bestean: Nafarroan nabarmen igo da tasa, %2,5etik %4,2ra, baina zertxobait behera egin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %4,9tik %4,7ra, hain zuzen.
Osakidetzako erietxeetan jaitsi egin dira ospitaleratze berriak, eta 59 izan ziren atzo, bezperan baino hamar gutxiago. Gaur-gaurkoz, COVID-19ak jotako 336 lagun daude Osakidetzan ospitaleratuta, eta horietatik 153 daude Zainketa Intentsiboetako Unitateetan.