Aforoari lotutako neurriak mantenduko ditu udalak

Dorleta Agiriano Lai 2021eko maiatzaren 13a

Kontzertu bat, 2018an.

Alarma egoera bertan behera geratu den arren, aforoari dagokionez, udalak irizpide berdinak ezarriko ditu udal ekipamenduen erabilerarako nahiz udaletik antolatutako ekitaldietarako.

Espainiako Gobernuak alarma egoera indargabetu zuen aurreko astean, eta Eusko Jaurlaritzak dekretu berria argitaratuta, zenbait aldaketa jarri dituzte martxan Zumaian ere. Esaterako, hemendik aurrera lehengo ordutegia izango da kiroldegian, eta kultur ekimenetan aldaketak izango direla ere jakinarazi du Zumaiako Udalak.

Beste hainbat irizpide, dena den, berdin mantenduko ditu. Hain zuzen, azaldu du indarrean jarraituko dutela aforoari lotutako neurriek, bai udal ekipamenduen erabilerarako, bai udalak berak antolatutako askotariko ekitaldietarako. "Bestelako segurtasun neurriei dagokienez" ere "ez da aldaketarik izango", udalaren esanetan. "Aurretik ere legeak zehaztutako babes-neurriak baino zorrotzagoak aplikatzen ziren, eta oraindik ere, egoera hobetu ezean, berdin mantenduko dira", adierazi du.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide