956,55etik 498,63ra jaitsi da intzidentzia tasa astebetean

Julene Frantzesena-Dorleta Agiriano Lai 2021ko mai. 14a, 13:14

Azken zazpi egunetan herriko hamazazpi lagunek eman dute positibo PCR eta antigeno probetan, aurreko astean baino hamabost gutxiagok. Positibo kopuruaren gutxitzearekin batera iritsi da intzidentzia tasaren beherakada ere, nahiz eta Zumaiak 400dik gorako tasa duen oraindik. Hego Euskal Herrian ere hobera egiten ari da egoera, datuek islatzen dutenez.

Azken astebetean nabarmen egin dute hobera COVID-19aren zabalkunde datuek. Hego Euskal Herrian ez ezik, Gipuzkoan ere asko jaitsi dira atzemandako positibo kopuruak, baita Urola Kostan eta, zehazki, Zumaian ere. Atzo egindako PCR eta antigeno probetan emaitza positibo bakarra izan zen Zumaian, bezperan baino bat gutxiago. Azken zazpi egunetan, beraz, hamazazpi kasu positibo baieztatu dituzte guztira Zumaian, aurreko bi asteetan baino askoz ere gutxiago: lehengo astean 32 kasu berri zenbatu zituzten herrian eta, horren aurrekoan, 62.

100.000 biztanleko hamalau eguneko tasak ere nabarmen egin du aurreko bi asteekin alderatuta. 1.302,53an zegoen duela bi aste, 956,55an aurreko ostiralean, eta 498,63an gaur-gaurkoz. Dena den, eremu gorrian jarraitzen du herriak.

Hedapen datuak baretzen

Atzo hamabi positibo atzeman zituen Osakidetzak eskualdeko herrietan: Zumaiako kasuaz gain, beste lau izan ziren Zestoan; bina Azpeitian, Azkoitian eta Zarautzen eta bat Errezilen.

Positibo kopuruaren gutxitzearekin batera iritsi da intzidentzia tasen beherakada orokorra ere, nahiz eta oraindik badiren eremu gorrian diren herriak Urola Kostan. Zumaian bezala, Azkoitian eta Zarautzen 400dik gorakoak dira intzidentzia tasak; 667,61 eta 462,59, hurrenez hurren. Eremu laranjan, dira, berriz, Azpeitia (348,23) eta Orio (358,77);Orio gaur atera da eremu gorritik. Eskualdeko gainerako herriek ez dute hamar mila biztanleko langa gainditzen, beraz, tasaren arabera ez dira kolorez aldatzen. Honako hauek dira herri horietako intzidentzia datuak: Aia (604,53), Aizarnazabal (390,12), Beizama (0), Errezil (1.610,31), Getaria (141,34) eta Zestoa (436,57).

Hego Euskal Herrian atzo gauzatutako 10.405 PCR eta antigeno probetan, orotara, 464 positibo zenbatu zituzten: 32 Araban, 245 Bizkaian, 111 Gipuzkoan eta 71 Nafarroan. Gainera, lurralde horietatik kanpo duten beste bost lagunek ere eman zuten positibo. Nafarroako positibotasun tasa %3,7 da egun, eta Arabakoa, Bizkaikoa eta Gipuzkoakoa, %4,6.

Ospitaleetako egoera ere hobera egiten ari da pixkanaka-pixkanaka, nahiz eta oraindik asko diren Hego Euskal Herriko erietxeetan COVID-19a tarteko ospitaleratuta dauden pertsonak. Osakidetzak emandako datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 295 lagun daude erietxeetan –bezperan baino 41 gutxiago–, eta horietatik erdiak, 148 lagun, ZIUetan daude.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide