Joar Garate bertsolariak hilaren 28an jokatuko du Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketako finala

Dorleta Agiriano Lai 2021eko maiatzaren 15a

(Bertsozale Elkartea)

Atzo izan zen sariketako azken kanporaketa, eta beraz, erabakita geratu da finaleko seikotea. Tartean da Joar Garate zumaiarra, bigarren kanporaketan nagusitu baitzen. Hilaren 28an izango da finala, Urnietan.

Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez, erabakita dago jada Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketako finalerako seikotea. Hain zuzen, Joar Garate zumaiarra, Nerea Isusi zarauztarra, Amets Aizpurua getariarra, Naia Arrizabalaga azkoitiarra, Ekain Tolaretxipi eta Jon Mendiluze ariko dira txapela eskuratzeko azken lehian.

Garatek apirilean lortu zuen finalerako sailkatzea, aurreneko postuan geratu baitzen bigarren kanporaketan. Oiartzunen izan zen saio hori. Zumaiarrak orduan adierazi zuen poz handiz hartuko lukeela finalean Arrizabalagaren ondoan kantatu ahal izatea, eta hala izango da azkenean.

Atzo jokatu zuten txapelketako laugarren eta azken kanporaketa Arrasaten, eta saioa irabazita, orduan eskuratu zuen finalerako azkeneko txartela Aizpuruak. Maiatzaren 28an izango da finala, 19:00etan Urnietako Saroben. Bertaratzeko asmoa dutenek gonbidapen txartela hartu beharko dute bertsozale.eus atarian, ondoko lotura honetan.

Erlazionatuak

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide