Eusko Jaurlaritzak kaleratu berri du koronabirusaren bilakaerari buruzko eguerdiroko txostena. Gaur, astelehena izaki, asteburuko herriz herriko datuak ere argitaratu ditu, gainera. Eta datuak baikorrak dira, aspaldiko onenak. Zumaian, bederatzi positiborekin, 498,63tik 488,45era jaitsi da tasa.
Ostiraletik igandera, 37 positibo zenbatu dituzte eskualdeko herrietan, aurreko asteburuan baino 42 gutxiago. Positibo berrien kopurua ez ezik, intzidentzia tasa ere nabarmen apaldu da herri guztietan. Gaur-gaurkoz, Azkoitia eta Zumaia bakarrik daude eremu gorrian, 400dik gorako intzidentzia tasarekin; Zarautz eremu laranjara igaro da; eta Azpeitia eta Orio eremu horian sartu dira. 5.000 biztanletik beherako herriak ez dituzte koloreen eskeman sartzen.
Asteburuan, Zarautzen hauteman dituzte kasu berri gehien: hamabi. Ostiralean 462,59ko intzidentzia tasa zuten han, eta 385,49koa dute gaur. Azkoitian eta Azpeitian, zazpina positibo baieztatu dituzte asteburuan, eta 597,47ko eta 295,66ko tasak dituzte, hurrenez hurren. Azkoitiak 667,61ekoa zuen ostiralean, eta Azpeitiak 348,23koa. Orion ez dute positiborik baieztatu asteburuan, eta 358,77tik 228,31ra jaitsi da hango tasa.
Herri txikiei dagokienean, Aian eta Errezilen positibo bana izan dute asteburuan. Hala ere, bietan jaitsi da intzidentzia tasa. Aiakoa 403,02koa da eta Errezilgoa 1.449.28koa. Aizarnazabalen, Beizaman, Getarian eta Zestoan ez dute positiborik izan asteburuan. Aizarnazabalen 260,08ko tasa dute, Getarian 70,67koa, Zestoan 359,53koa eta Beizamak hutsean jarraitzen du.
Positibotasun tasa %5etik behera
Hego Euskal Herriko datuek ere joera baikorra erakusten dute. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, atzo, orotara, 7.482 PCR eta antigeno test egin zituzten lau lurraldeetan, eta horietatik 335ek eman zuten positibo; %4,4k hain zuzen. Osasunaren Mundu Erakundeak izurria kontrolpean izateko jarritako %5eko mugaren azpitik, beraz.
Lurraldeka, Bizkaian zenbatu zituzten positiborik gehien: 151. Gipuzkoan 96 hauteman zituzten, Nafarroan 59 eta Araban 29.
Ospitaleetako egoera ere hobetzen ari da pixkanaka-pixkanaka. Atzo 24 lagun ospitaleratu zituzten Osakidetzaren mendeko erietxeetan, aspaldiko gutxien. Dena dela, oraindik ere COVID-19a duten 427 herritar daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan; horietatik 146 Zainketa Intentsiboetako Unitateetan (ZIU).