HITZ TANTAK

Aritz Eizagirre: "Gero eta jende gutxiagok jarraitzen du baserritik bizitzen"

Mireia Galarza Bastida 2021eko maiatzaren 17a

(Arnaitz Rubio Aprea)

Sarrondobekoan baserrian hazitakoa da Aritz Eizagirre (Zestoa, 1998), eta txiki txikitatik nahi izan badu ere, orain dela urtebete inguru bertatik bizitzeko hautua egin zuen. Zehazki, 65 behi ditu, eta esne marka propioa ere bai, Xarrondo esnea. Osabak erretiroa hartu ondoren hartu zuen negozioaren lema, eta gaineratu du bere asmoa dela "aurrerantzean baserritik bizitzen jarraitzea".

Nondik dator baserriarekiko duzun atxikimendua?

Baserrian bertan jaiotakoa naiz, eta aitarekin txikitan hasi nintzen bertako makinak erabiltzen. Berez ez nintzen ganaduzalea, baina uda batean ukuiluan lanean hasi nintzen, behiak jezten. Egun batean hasi, bestean jarraitu eta, azkenean, gustatu egin zitzaidan mundu hori.

Nik beti neukan buruan mekanikaria edo obretako makinista izango nintzela, baina momentu horretan pentsatu nuen hura zela nire ofizioa. 14 urterako garbi neukan badaezpada mekanikako formazio zikloa egingo nuela, baina gero nire ogibidea baserria izango zela. Hasieran gurasoek ez zidaten sinetsi, baina gero ikusi zuten benetan ari nintzela. Nik, behintzat, aukera izan dut nahi dudan horretatik bizitzeko, eta eskertuta sentitzen naiz.

Afizioa ofizio bihurtu zenuen, beraz.

Bai, halaxe da. Hasieran tailerrean ibili nintzen lanean, baina ez zitzaidan gustatzen. Oso luzea egiten zitzaidan eguna, eta uztea erabaki nuen. Berez, osaba ibiltzen zen baserriko ofizioan, eta nik lagundu egiten nion, baina orain dela gutxi erretiroa hartu du, eta nik hartu dut negozioa. Zer egiten duzu zehatz-mehatz? 65 behi ditugu, eta esnea ekoizten dugu, nagusiki. Zati bat Kaiku enpresara bideratzen dugu eta bestea, berriz, salmenta zuzenerako erabiltzen dugu; hain zuzen, litro bateko, bi litroko, hiru litroko eta hamar litroko botiletan jartzen dugu esnea. Inguruko herrietako banaketaz ere ni neu arduratzen naiz: Ondarroa, Mutriku, Deba, Zumaia eta Aia. Ez da erraza, sakrifizio handia eskatzen duelako, baina ingurukoek ere laguntzen didate, eta ezin naiz kexatu.

Nolakoa da egunerokotasuna baserrian?

Egun guztiak desberdinak izaten dira, baina badaude, baita ere, egunero egin behar diren zereginak. 6:45ak aldera esnatzen naiz, eta prestatzen naizenean ukuilura joaten naiz ganaduari jaten ematera. Gero, goizean zehar, esnea botiletan sartu eta furgonetarekin banaketa egiten dut. Eguerdi aldera berriro ematen diet jaten animaliei, eta iluntzean ere bai.

Betebehar nagusiak horiek dira. Udan belarra biltzea ere tokatzen zaigu, eta negua baldin bada, itxiturak eta larretokia ondo ipintzen ditugu, adibidez. Gainera, beti sortzen dira ganaduarekin bestelako zereginak ere, dela albaitariarekin egotea, pentsua erostera joatea, edo erabiltzen ditugun instalazioetako matxuraren bat konpontzea.

Nola ikusten duzu zure etorkizuna?

Baserritik bizitzen jarraitu nahiko nuke, askatasuna ematen didalako. Egia da oso lotua dela lana, eta ezinezkoa dela bertatik aberastea, baina gauzak ondo xamar kudeatuta baserritik bizitzeko arazorik ez dut ikusten.

Eta sektorearena?

Pena da, gero eta jende gutxiagok jarraitzen duelako baserritik bizitzen, eta batez ere esne behietatik. Hori horrela izanda, sektorearen etorkizuna zuzeneko salmentan ikusten dut. Izan ere, gero eta gehiago baloratzen du jendeak bertako produktua. Gainera, epe motzera jogurta egiten ere hasiko gara, eta gauzak ondo baldin badoaz, gazta freskoa egiten hastea ere gure aukeretan sartzen da.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide