“Etxearen zainketa naturala” zikloa antolatu du Sura dendak

Baleike 2021eko maiatzaren 17a

Arropen edota sukaldeko garbigarriak eta xaboi naturalak egiten irakatsiko du Aiora Urbietak. Guztira bost saio izango dira, eta zabaldu dute dagoeneko izena emateko epea.

Etxea, arropak edota gorputza garbitzeko produktu naturalak sortzen ikastea. Horixe du helburu Sura dendak antolatu duen Etxearen zainketa naturala zikloak. Guztira bost saio izango dira, Zumaiako dendan, eta arropen edota sukaldeko garbigarriak eta xaboi naturalak egiten ikasi ahalko da.

Saio guztiak Aiora Urbietak gidatuko ditu: “Gehienetan sendabelarrekin egindako prestaketekin eta kosmetika naturalarekin lotutako ikastaroak eman ohi ditudan arren, aspalditik ikusten nuen hutsunea etxearen zainketa naturalaren eta ekologikoaren lanketan. Izan ere, orokorrean, geroz eta gehiago dakigu elikagaien nahiz erabiltzen ditugun produktu kosmetikoen inguruan, baina ezer gutxi etxeko garbigarrien gainean”, agertu du.

Urbietaren ustez produktu kimiko gogorrak erabiltzera ohituta gaude garbiketak egiterakoan, eta kaltegarriak izan daitezkeela jakin gabe. “Gaur egun aukera ekologiko asko ere topatu ditzakegu, eta oso onak, baina geuk egiteko aukera izanda, zergatik ez ditugu ba egingo? Gure arbasoek bazekiten nola sortu etxean behar zituzten produktuak, eta zorionez, jakintza hori ez da galdu”, gaineratu du.

Hauek dira saioen egutegia eta ordutegia:

- Arropa garbigarriak: errautsezko lixiba, garbigailurako detergentea Chimbo xaboiarekin, garbigailurako detergente-hautsa (koroledun arropa eta zuria), leungarria, orbanak kentzeko pasta... Maiatzaren 22an, 10:00etatik 12:30era.

- Sukaldeko garbigarriak: ontzi garbigarri likidoa eta hautsa, ontzi-garbigailurako hautsa, kristal garbigarria, erabilera anitzekoa, mikrouhin-labea garbitzeko eta tutuak garbitzeko trikimailuak... Maiatzaren 29an, 10:00etatik 12:30era.

- Komunerako garbigarriak: garbigarri likidoa, erabilera anitzeko garbigarria, hutsak, eskuila desinfektatzekoa eta girotzaileak. Ekainaren 5ean, 10:00etatik 12:30era.

- Girotzaile naturalak: mikado girotzaileak, lore eta olioekin pot-pourria, armairuetarako lurrindun sakutxoak, intsentsu konoak, belar-intsentsuak, esprai-girotzaileak, girotzaile zitriko-espeziatuak... Ekainaren 12an, 10:00etatik 12:30era.

- Xaboi naturalak: eskuetarako xaboia soberako xaboi zati txikiekin, Marsella xaboia olio erabiliarekin... Ekainaren 19an, 10:00etatik 12:30era.

Etxearen zaintza ekologikoko ikastaroan, garai bateko hainbat errezeta egingo dituztela aurreratu du Urbietak: “egunerokotasunean erabiltzen ditugun produktuekin, modu erraz eta ekonomikoan. Ziklo berriak sortzea da helburua, sortzen ditugun hondakinen kontzientzia hartzea eta, modu burujabean, etxe ekologiko bat izatea zein erreza den ikustea”.

Saio bakoitzaren prezioa 35 eurokoa da, baina zikloko saio guztietan parte hartu nahi dutenek 150 euro ordainduko dute. Izena emateko 688-71 85 38 telefono zenbakira Whatsapp mezua idatzi behar da.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide