Testuinguru horretan, badira hainbat gobernuz kanpoko elkarte, zeinak enfasi berezia jartzen dioten arrazismoaren aurkako borrokari eta kolektibo arrazializatuen integrazioa bideratzeari. Gure hitzetan, “kaleko politika” eginaz, edo politika kalera eramanaz. Hauen baitan indar handiko elkarte bat SOS Arrazakeria da, 1995etik Espainiako estatuan zehar zabaldu dena, Frantziako SOS Racisme ereduari jarraituz. Biok graduko azken urte honetan haiekin praktikak egiteko aukera izan dugu, batetik psikologia, eta bestetik kriminologia ikasketetatik.
Gipuzkoako SOS Arrazakeriak, konkretuki, tokiko urgentziak aintzat hartuz, finkaturiko helburuak lortzeko ekintza edo ekimen ezberdinak antolatzen ditu, hala nola, migratzaileei aholkularitza zerbitzua legeek eta administrazioko funtzionamenduak behartuta egin behar izaten dituzten izapide administratibo eta judizial ugarietan, mobilizazioetarako deiak nahiz atxikimenduak, hitzaldiak, mintegiak eta topaketak antolatzea… Praktiketan elkarte berean egon arren, honako proiektu ezberdin hauetan aritu gara bakoitza:
Psikologia arlotik, Urretxindorra proiektuan parte hartzen da: gizarte zaurgarritasunean aurkitzen diren adingabe etorkinekin egiten den proiektu bat da, hau da, arduradunek boluntarioak bilatzen dituzte adingabe atzerritar batekin harremanetan jartri eta aisialdi eta harreman alternatibo bat eraikiz.
Kriminologia arlotik, SOSek parte hartzen duen Hiritarron Harrera sarean murgiltzen da; proiektu hori guztiz zuzeneko kontaktuan oinarritzen da, aipaturiko “kale politikan”. Duela urte batzuk gero eta gehiago iristen hasi ziren errefuxiatu eta etorkinen egoeraren aurrean sortu zen. Haien bidaian, informazioan, paperekin eta gutxieneko ongizaterako beharrezko baliabideekin lagundu eta akonpainamendua egitea da helburu, betiere administrazio publikoaren zerbitzuetatik ihes egiten duten gauzetan zentratuz (justizia, osasuna edo beste edozein arlotan).
Azken astean biok proiektu berri bati ere heldu diogu. 4/2000 Atzerritartasun Lege Organikoan emandako erreforma bat dela medio, Espainiako justiziak gero eta gazte etorkin gehiagori erresidentzia baimena ukatzen dieo, eta Estatu espainiarrean eta EAEn aurkitzen diren hainbat gazteren kanporatzea agintzen du edo geratzea eragozten du. Horren aurrean, gazte talde bat elkartu zen hori salatzeko ekintzak antolatuz, elkarretaratze bat deituz eta egoeraren inguruko informazioa helarazteko bideoak grabatuz sare sozialetarako, gehienbat aldaketaren ondorioak pairatzen dituzten testigantzak zabalduz.
SOSen lortu ahal izan dugun errealitatearekiko kontaktutik azpimarragarriena kontzientziazio “eroso” edo laguntza karitatibo hutsetik haratago joan eta aktibismo edo militantzia inplikatuago batean murgiltzea dakar. Hori, betiere subjektu politikoa zein den gogoratuz eta horren ahotsari indarra emanaz, betiere gure pribilegioetatik eta modu horizontalean lan egiten saiatuz.