Osasun mentala ikuspegi feministatik aztertzeko saioa antolatu du Zumaiako Udalak ekainerako. Emakumeen Osasunaren aldeko Nazioarteko Ekintza Eguna da maiatzaren 28a, eta 1987ko maiatzean Costa Ricako San Josen egin zen topaketan du jatorria: osasunerako eskubidea emakumeen giza eskubidea dela berretsi eta bizitzako ziklo guztietan eskuratu behar dutela berresteko eguna da ordutik. Egun horren aitzakiapean antolatu dute ikastaroa, osasun mentala "dagokion testuinguruan" aztertzeko helburuarekin.
Itxaso Martin ikastaroaren dinamizatzaileak ikerketa feministek ematen dituzten tresnak erabiliko ditu osasun mentalaren bilakaera historiko bat proposatzeko. Udalaren arabera, ikastaroan zehar agerian geratuko da "unean uneko genero, gizarte eta kultura ereduek zeharo baldintzatzen dutela osasun mentalaren definizioa eta esperientzia".
Saioak ekainaren 2an eta 9an izango dira, 18:00etatik 19:30era, Gizarte Zentroan. Parte hartzeko, aurrez eman behar da izena nahitaez, berdintasuna@zumaia.eus helbidera idatzita edo 943-86 50 20 telefono zenbakira deituta.
Itxaso Martin idazlea eta antropologoa da. Ni, Vera literatur lana argitaratu zuen 2012an, eromenaren gaia jorratuz. Mari Luz Esteban Galarzak zuzendutako Eromena, azpimemoria eta isiltasuna(k) idazten: hutsune bihurtutako emakumeak garaiko gizartearen eta moralaren ispilu bere tesi lanak ere eromena du abiapuntu.