Kbi xake taldeak ekimen berezia prestatu du ekaineko bigarren astebururako. Jose Fernando Pepe Cuenca xakelari andaluziarra bertaratuko da Zumaiara, eta haren aurka jokatzeko aukera izango da ekainaren 12an eta 13an. Beheko Plazan egingo dituzte aldi bereko xake partidak, 11:00etan hasita.
Ia 60 lagunek eman dute izena jada, eta Kbik azaldu duenez, gutxi gorabeherako muga bat jarri du aldi bereko partidetarako: egun bakoitzean 40 pertsona inguru arituko dira gehienez. Daudenak daudela, bi multzotan banatuko dituzte partaide guztiak. Erdiak ekainaren 12an jolastuko du Cuencaren aurka, eta beste erdiak, aldiz, 13an.
Plaza mugatuak direnez, aurrez eman behar da izena. Horretarako, 630 937 041 telefono zenbakira deitu dezakete interesdunek, bai eta zumaiakoxaketaldea@gmail.com helbide elektronikora mezu bat bidali ere. 14 urtetik beherako gazteek 3 euro ordaindu beharko dituzte izena emateko; gainerakoek, aldiz, 15 euro.
Sariak
Kbik lehengo astean aurreratu zuen Chess24 atariko Premium bazkidetza oparituko dietela parte hartzaile guztiei; xakeari buruzko web-orri horretan egiten du lan Cuencak 2013tik eta, besteak beste, xake partidak transmititzen dituzte. Dena den, aste honetan jakinarazi du, horretaz gain, are sari potoloagoa jasoko dutela Zumaiako aldi bereko partidetako hiru onenek. Hain zuzen, urte osorako harpidetza lortuko dute Peón de Rey aldizkarian, doan.