Atzo egindako PCR eta antigeno proben emaitzak argitaratu ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Zumaian ez dute positibo bat bera ere zenbatu, eta 396,87ra egin du behera intzidentzia tasak. Hortaz, eremu gorria atzean utzi eta laranjan sartu da herria.
Urola Kostan hemezortzi kasu positibo baieztatu dituzte atzoko proben bidez, bezperan baino bost gehiago. Azkoitian zenbatu dituzte kasu gehienak, hamahiru; bestalde, Azpeitian lau lagunek eman dute positibo eta batek Zarautzen. Eskualdeko gainontzeko herrietan ez dute kasu berririk hauteman azken orduetan.
Azken datuak kontuan hartuta, eremu gorrian jarraitzen du Azkoitiak, eta 592,51ra igo da intzidentzia tasa. Urola Kostako gainontzeko herrietan, ordea, jaitsi egin da edo berdin mantendu da tasa. Zumaiarekin batera, Zarautz da eremu laranjan dagoen beste herria. Zarautzen ere, dena den, 321,24ra jaitsi da intzidentzia tasa. Azpeitiak eta Oriok horiz margotuta jarraitzen dute, eta 269,38ko eta 212ko intzidentzia tasak dituzte, hurrenez hurren.
Herri txikiei dagokienez, behera egin dute tasek Aian (352,64), Errezilen (805,15) eta Zestoan (231,12). Berdin mantendu dira, ordea, Aizarnazabalen (260,08), Beizaman (huts) eta Getarian (106,01).
Positibotasun tasa gora
Atzo koronabirusa atzemateko 11.226 proba egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta guztira, 440 lagunek eman zuten positibo: 221ek Bizkaian, 113k Gipuzkoan, 72k Nafarroan, 31k Araban eta hiruk beste lurralde batzuetan. Bezperan baino 120 kasu gehiago izan dira Hego Euskal Herrian, beraz.
Nabarmena da, gainera, positibotasun tasak gora egin duela. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan atzo proba egin zutenen %4,1ek eman dute positibo, eta ehunekoa %2,9koa izan zen bezperan. Nafarroan, bestalde, %2,3tik %3,1era igo da positibotasun tasa.
Osakidetzako erietxeetan ere ospitaleratze berri gehiago izan ziren atzokoan: 43 izan ziren astelehenean, eta 48 atzo. Dena den, bezperako datuekin alderatuta, COVID-19ak jotako jende gutxiago dago erietxeetan: 256 ziren astelehenean, eta 246 atzo. Zainketa Intentsiboen Unitateetan bezperan baino bi pertsona gutxiago zeuden atzo, alegia, 131.