Ez dute koronabirus kasurik hauteman Zumaian azken orduetan

Aitziber Arzallus 2021ko mai. 20a, 13:12

Eremu laranjan dago Zumaia, 356,16ko intzidentzia tasarekin. Urola Kostan, Azkoitian zenbatu dute kasu gehien, eta herri hori da eremu gorrian dagoen eskualdeko herri bakarra.

Eusko Jaurlaritzak kaleratu berri du koronabirusaren bilakaeraren inguruko eguerdiroko txostena, eta horren arabera, atzo ez zuten kasu positibo bat bera ere zenbatu Zumaian. Eremu laranjan dago herria, eta jaitsi egin da intzidentzia tasa. Hain justu, 356,16koa da gaur.

Hamahiru positibo hauteman zituzten, bestalde, eskualdeko herrietan, herenegun baino bost gutxiago. Azkoitian zenbatu zituzten positibo gehien, zazpi; Azpeitian bost atzeman zituzten, eta Zarautzen, bakarra. Beste herrietan ez zuten positiborik izan.

Atzo bezala gaur ere, Azkoitia da eremu gorrian dagoen eskualdeko herri bakarra. Hango intzidentzia tasak atzokoan jarraitzen du, 592,51an. Urola Kostako intzidentzia tasa altuena ez ezik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herrien artean tasa altuena duen herria ere Azkoitia da. Eremu horian daude Azpeitia, Orio eta Zarautz, baina hiru herrietako bilakaera ez da berdina izan. Azpeitian igo egin da intzidentzia tasa eta 275,95ekoa da; Orion atzoko mailan jarraitzen du, 212,00an; eta Zarautzen 291,26ra jaitsi da.

Herri txikiei dagokienez, mantendu egin dira tasak. Aian 352,64koa da, Errezilen 805,15ekoa eta Zestoan 231,12koa, Aizarnazabalen 260,08koa, Getarian 106,01koa eta hutsean jarraitzen du Beizamakoak.

Hego Euskal Herrian, %3,8ko positibotasun tasa

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, atzo 10.715 PCR eta antigeno test egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta horietatik 412k eman zuten positibo; %3,8k hain zuzen. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %4,2koa da tasa; Nafarroan, berriz, %2,6koa. Denak daude Osasunaren Mundu Erakundeak izurritea kontrolpean izateko ezarritako %5eko mugaren azpitik.

Lurraldeka, Bizkaian atzeman zituzten positibo gehien: 228. Gipuzkoan 101 zenbatu zituzten, Nafarroan 61 eta Araban hogei.

Erietxeetako egoeran, berriz, aldaketa nabarmenik ez. Atzo COVID-19ak jotako 46 lagun ospitaleratu zituzten Osakidetzaren mendeko erietxeetan eta, guztira, 374 lagun daude; horietatik 131 Zainketa Intentsiboetako Unitateetan (ZIU).

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide