“Jendeari huts egiteko beldurra ere badugu gure etorkizunaz hitz egiten denean”

Jabi Gonzalez Toston 2021eko maiatzaren 22a

Janire eta Annette Gonzalez Etxebarri ahizpek 10 eta 8 urte daramatzate Kantauri itsasoko ur ertzetik mugitu gabe. 6 urterekin surfeko taula gainera lehen aldiz igo zirenetik, olatuetan malabarismoak egitea da euren egunerokoa. Pasioa ofizio bihurtu nahi dute datozen urteetan. Jabi Gonzalez Toston kazetariak apirileko Baleike aldizkarirako egindako elkarrizketa webgunean irakur daiteke orain. 

Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea.

Janire dago amets hori egia bihurtzetik gertuen. 16 urte baino ez dituen arren, dagoeneko erakutsi du onenen parean dagoela. Nagusien mailan, Espainiako txapelketa irabazi duen surflari gazteena da. 14 urterekin irabazi zuen. 15ekin, berriz, Europako txapeldun izendatu zuten junior pro mailan, eta pasa den azarotik, Bat Basque Teamek, goi mailako kirolarientzat Bizkaian duen Fadurako Hobekuntza Teknikorako Zentroan igarotzen du astea.

Annette bi urte gazteagoa da. Ez du ahizpak bezain palmares potoloa, baina orain arte pilatu dituen emaitzak ez dira makalak. Iaz, Espainiako 16 urtez azpiko txapelketan brontzezko domina jantzi zuen, esaterako.

Nondik datorkizue surfarekiko zaletasuna?

Annette Gonzalez Etxebarri: Ahizpa zaharraren influentzia izan da guztia. Janire animatu zen lehena eta atzetik joan ginen beste hirurak. Ni lehenengo eta Julen eta Enaitz anaia bikiak ondoren. Guztioi gustatu zitzaigun eta hor jarraitzen dugu.

Janire, surflari-familia honi hasiera eman ziona zu zarenez, goazen hasiera hartara. Nola lortu zenuen bidea egitea zu baino nagusiagoak ziren surflari haien guztien artean?

Janire Gonzalez Etxebarri: Lagun batekin ikastaroa amaitu ondoren, eskolan genuen soinketa irakasle Xabirekin hasi ginen surfa gure kasa egiten. Berarekin joan ginen lehen aldiz Orroagara eta berak irakatsi zigun olatua datorrenean nork duen lehentasuna. Uretan hika-mika dezente izaten dira eta garrantzitsua da kidearen olatua errespetatzen jakitea.

Astean zenbat denbora pasatzen duzue uretan?

AGE: Nire kasuan, egunero bi ordu edo ordu eta erdi egiten dut uretan neure kasa, eta astean bitan, 3 orduko entrenamenduak izaten ditut Zarautzen, Ibon Amatriainekin. Entrenamendu horietan, olatuak hartzeaz gain, indarra lantzeko bestelako ariketa fisikoak ere egiten ditugu. Uretan, beraz, nire kasa entrenatzen dut gehienbat, eta olaturik ez dagoenean, Askizura joateko ohitura dut. Oinez eta korrika, biak.

JGE: Nik orain ez dut neure kasa hainbeste entrenatzen. Faduran nagoenetik, asteburuetan soilik aritzen naiz entrenatzailerik gabe. Hori bai, diziplina handiagoa da orain. Ordutegi finkoak ditugu eta fisikoa askoz gehiago lantzen dugu. Egunean ordu bat gutxienez. Surfean berriz, 20 bat ordu egiten ditugu astean.



Pandemiak duela urtebete ekarri zigun itxialdian ezin izan zenuten surfik egin. Nola eraman zenuten? 

JGE: Surfik ez genuen egin konfinamenduak iraun zuen bitartean, ez. Baina geldirik ere ez ginen egon. Egunero egin genituen ariketa fisikoak etxean eta bideo ugari ikusi genituen. Behin neurriak altxatzen hasi zirenean, uretara itzuli ginen fisikoa alde batera utzita. Araututako ordutegia luzatzeko baimen berezi bat egin zigutenez, denbora dezente pasatzen genuen uretan. 

Esan behar dut, era bereran, pandemiak eman didala Bat Basque Teamen eskaintza onartzeko azken bultzada. Aurretik ere egin zidaten eskaintza, baina orduan entrenatzaile nuen Julen Lasarekin gustura nenbilen, eta ezetz esatea erabaki genuen. Deskonfinamenduan, ordea, ziurgabetasuna zen nagusi, ez nengoen guztiz eroso eta Bat Basque Teamen bigarren deia jasotzean baietz esan genion. Gure inguruan galdetuta, aukera ez galtzeko esan ziguten, gainera.

JGE: "Pandemiak eman dit Bat Basque Teamen eskaintza onartzeko azken bultzada"


Eskaintza hori onartzeak banandu egin zaituzte. Elkarren falta sumatzen duzue?

AGE: Ez [barrez]. Egia da lehen egunero geundela elkarrekin, baina Janire astebururo Zumaiara itzultzen denez, astero elkartzen gara. Aste barruko bainuetan igarri dut gehien ahizparen falta hori. Neguan uretara bakarrik sartzea da gogorrena. Normalean beti izaten duzu beste surflariren bat alboan, baina tokatu zait hondartzan bakarrik egotea.

JGE: Nik ere momentuz ez dut etxekoen falta sentitu. Haietaz gogoratzen naiz, noski, baina Faduran kirolari gazte asko gaude eta ezin hobeto konpontzen gara. Lagun artean gaude eta uretan beti dut konpainia. Dena den, onartu behar dut, batzuetan Annette alboan eduki nahi izan dudala. Berarekin dibertigarriagoa da surfa. Entrenamenduak ez dira hain serioak.

Elkarrekin dibertitzen zarete, beraz. Eta xaxatu? Txapelketetan elkarren aurka aritzen zaretenean, futbol derbyetako lehiaren antza izango du zuen artekoak, ezta?

JGE: Annetek txapelketa batean irabazi didanean gozoak entzun ditut. Ez etxean bakarrik. Mundu guztia sartu da nirekin. Nik irabazi diodanean ezer gutxi esan diot.

AGE: Niri galtzeak ez dit hainbeste axola. Badakit Janire ni baino hobea dela eta normala da irabaztea. Bitan baino ez diot irabazi. Egin dudanean, hori bai, ondo gogorarazi izan diot. Pena handiena ematen dit elkarren aurka final gutxi lehiatu izanak. Finalaren aurreko kanporaketetan gurutzatu izan gara gehienbat, eta batak bestea kanporatu du.

AGE: "Badakit Janire ni baino hobea dela eta normala da irabaztea. Bitan baino ez diot irabazi. Egin dudanean, hori bai, ondo gogorarazi izan diot". 


Janire hobea dela diozu, Annette. Bistan da sekulako emaitzak lortu dituela.  Itzal egiten dizula sentitzen duzu?

AGE: Sentitu izan dut, bai. Baina ez dit min handirik ematen. Esan dut ni ez naizela hain lehiakorra. Bera saiatuagoa da. Nik baino ordu gehiago eskaintzen dizkio surfari eta gehiago mugitzen da. Portugalen txapelketa bat baldin badago, nik birritan pentsatu behar dut joan aurretik. Janirek berehala esango du bera badoala. Niri ere surfa gustatzen zait, noski, baina ez Janireri bezainbeste.

Biok eskuratu dituzue oso emaitza onak eta asko hitz egiten da aurretik duzuen etorkizunaz. Hain gazte izanik, presiorik sorrarazten dizue horrek?

JGE: Nik oso garbi daukat surflari profesional izan nahi dudala, eta alde horretatik, gustatzen zait horrelako iruzkinak entzutea. Gauzak ondo egiten ari naizela, urrun iritsi naitekeela, eta, beraz, bide onetik noala esan nahi dute. Baina egia da, era beran, beldurra ematen digula gutaz espero dena ez betetzea. Porrot egin eta jendeari huts egitea. Bi alde horiek dituzte gure etorkizunari buruzko iruzkinek.

AGE: Nire kasuan, oraindik ez dut guztiz erabaki surflari profesionala izan nahi dudan. Ez dut baztertzen, baina datozen urteetan eskuratzen ditudan emaitzen arabera erabakiko dut aurrera jarraitu ala ez. Dena den, horrek ez du esan nahi, presiorik sentitu ez dudanik. Lehian ari naizela neure buruari esan izan diot: "Benga, kanporaketa hau gainditzen baduzu, hurrengo txapelketako rankinean sartu zara". Horrek animatu baino gehiago, urduritu egin nau. Zorionez, presio hori ez da jasangaitza izan. Badago txapelketen aurretik lorik egin ezin duenik.

Porroterako beldurra aipatu duzue. Emaitza txarrak kateatzen hasteak eta babesleak galtzeak kezkatzen zaituzte? 

JGE: Oraindik oso gazteak gara eta momentuz babesleek ez digute gehiegi exigitzen emaitzei dagokionez. Adinez nagusia zarenetik aurrera begiratzen diote horri. Orain, sare sozialetan aktiboak izatea eskatzen digute, batez ere. Roxyk, esaterako, Instagramen hilean 4 argitalpen egitea eta egunero story bat igotzea eskatzen dit niri. 

Entrenamenduak, txapelketak, sare sozialak... gauza asko dira. Nola konpontzen zarete ikasketei eta lagunei behar adina denbora eskaintzeko?

AGE: Eskolari dagokionez, irakasleek gure egoera ulertzen dute eta asko laguntzen digute. Kanpoan txapelketaren bat dugulako astebete huts egin behar dugunean, adibidez, etxeko lanak aurreratzen dizkigute eta klaseak moldatzen dituzte ezer galdu ez dezagun.

JGE: Niri ere ez zidaten inongo eragozpenik jarri Fadurara mugitu nintzenean. Klaseak online jarraitzen ditut eta azterketak egitera etortzen naiz Zumaiara. Ikasgairen batekin zalantzak ditudanean, Faduran bertan argitzen dizkidate hango lagunek. Beti daude laguntzeko prest. Gazteena naizenez, guztiek ikasi dute nik orain ikasi beharrekoa. Zumaiako lagunekin, berriz, azterketen aurretik eta ondoren, eta asteburuetan egoten naiz.

Amaitzeko, zer kendu eta zer eman dizue surfak?

JGE: Niri mundua eta pertsonak ezagutzeko aukera eman dit. Besteak beste, Australian eta Kalifornian izan naiz surfa egiten. Kendu, berriz, herriko lagunekin egoteko denbora eta festaz gozatzeko aukera. 

AGE: Gabonetan familia guztia elkartzea ere galarazi izan digu bidaiaren bat egin behar genuelako, baina alde onak gehiago dira. Deskonektatzeko dudan tresna baliagarriena da surfa. Arazo pertsonalen bat dudanean edo azterketa garaian nagoenean, guztia ahazten dut, olatua hartu eta taula gainean altxatutakoan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide