"Gogoko dut txirrindulari gazteen bidearen berri ematea"

Baleike 2021eko maiatzaren 21a

Txirrindularitza afizionatuaren inguruko 'Gurpilean' tartea gidatzen du Iribarrek Euskadi Irratirako. EITB Podkast plataforman ere entzun daitezke atal guztiak, podcast gisa. Irakurri hemen Arritxu Iribarren eta haren kazetari ibilbidearen inguruan Berria egunkarirako Urtzi Urkizu kazetariak egindako elkarrizketa.

Badira 34 urte Arritxu Iribar (Zumaia, Gipuzkoa, 1963) Euskadi Irratian lanean hasi zela, eta horietatik azkeneko 32 urteak kiroletan egin ditu.

Esan al daiteke afizioa eta ofizioa uztartzen dituzula Gurpilean tartean?

Bai, hala da. Euskal Herrian dagoen txirrindularitza zaletasunarekin, Euskadi Irratian pentsatu zuten egin zitekeela zerbait txirrindularitza afizionatuarekin. Astero tarte bat egitea eskaini zidaten, Hiru Erregeen Mahaia saiorako. Larunbatetan ematen du irratiak, eta, gero, Gurpilean podcast bihurtu da.

Enkargua gustura hartu duzu?

Bai, gustura hartu dut, baina Txetxu Urbieta kirol arloko buruak eskatutako zerbait izan da. Normalean, aste barruan lan egiten dut irratian, eta asteburuetan lasterketetara joaten naiz. Afizionatu mailan dagoen aktualitatea jorratzen dut saioan, nahiz eta tarteka egunerokotasunetik kanpoko atalak ere egin. Txirrindulari bakar bati eskainitako atalak egin izan ditut, adibidez.

Nahiz eta Gurpilean gero EITB Podkast plataformara joan, zure estiloa ez da aldatzen, ezta?

Ez. Ez baita esplizituki podcast bat, baizik eta irratirako egiten den tarte bat da.

Sare sozialetan ere urteak daramatzazu txirrindulari gazteen bidearen berri ematen.

Profesionalek ez dute hainbesterako oihartzunik behar. Baina txirrindulari gazte hauek egiten duten lanak behar du oihartzuna, eta modu bat da jendeari esateko arreta non jar dezaketen. Kadete, gazte eta afizionatu, emakume zein gizon, proba horiek herritar ugarik ikusten dituzte. Gogoko dut txirrindulari gazteei jarraitzea eta haien ibilbidea ikustea. Batzuek ez dute lortuko ametsa egia bihurtzea eta profesionaletara iristea, baina beste batzuek bai, eta oso pozgarria da ikustea gazte-gaztetandik zer bilakaera izan duten.

Elkarrizketa osorik irakurtzeko, jo Berria.eus-era.

 

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide