[GUTUNA] Inkisizio berria?

Tomas Etxabe 2021eko maiatzaren 24a

Agerikoa da gaia galdera bezala dihoala. Ez nuke esango orohar horrela denik, baina kontuz, susmoak hartzen dizkiot.

Oraindik txertatuak ez dira erdira iritsi, edo inguru horretan, eta badira zenbaitzuk txertatu gabekoei eta txertatuko ez direnei beren eskubide zibilak kentzearen aldekoak.

Jakina, jarrera hau ezin daiteke esan txertatutako guztiena denik, ez eta gutxiagorik ere. Txertatzearen zergatiak ataka bat baino gehiago ditu, eta bakoitzak daki, baldin badaki, berea non dagoen. Azken finean erabaki bat da, osasunarekin eta zerbait gehiagorekin lotua dihoana.

Hau, birusaren kontu hau alegia, esperientzia bat da, bizitzako atal ugari ukitzen eta moldatzen dituena. Honekin ez dut esan nahi koronabirusa ez dabilenik gure inguruan, baina bere inguruan gertatzen ari den guztia esperientzia bat baino ez da. Elkarbizitzari beste jite bat eman zaio, harremana zaildu egin da, elkarrengandik urrutiratu egin gaitu, agurra egiteko modua bera aldatu da, elkarrekiko begirada ere, besarkada non, eta abar, eta abar.

Txertoa bera zenbait zientzialari eta osagilek diotenez (eta ez dira bat eta bi), ez da txertoa, esperientzia genetikoa da. Egia da egia ofiziala bestelakoa dela, izango ditu bere arrazoiak hori defendatzeko, “zenbat buru, hainbat aburu”, dio esaera zaharrak. Baina, aizu: Inork ikusi al du komunikabide nagusietan ikuspuntu desberdinen arteko adierazpen edo eztabaidarik?. Honela da, eta kitto. Zer dela eta? Hau ez da gizarte anitz bat bideratzeko modua. Denok dugu geure tokia, eta inork ez besteak baino gehiago.

Badirudi beldurra eta ikara nagusitu dela. Beldurra zeri? Agian bizitza berari. Jakinekoa da, herritar ikaratuak maneiatzea erraza dela, eta esango nuke neurri handi batean hori gertatzen dela. Agian ohartu arazi behar genuke beldurrak berekin daramala frekuentzia baxuko bibrazio energetikoa; diote leukozitoak %17 jaistera heltzen direla, eta horrek gorputzeko defentsak ahultzen ditu. Birus bateri aurre egiteko justu kontrakoa. “Erantzun Biologiko Baikorra”, dio Escudero doktoreak. Hauxe izan daiteke norbera txertatzeko erarik eraginkorrena, bizitzan eta bizitzarekiko izan beharreko jarrera.

Gertatuaren berri ez dugu jakingo; gutxi batzuek bakarrik dakite. Zer dela eta hedatu da kontinente guztietara? Behar bada hor goian (chemtrail) dabiltzan hegazkin horiek jaurtitzen dituzten produktuen edukietan egon daiteke kausa bat; teknologia berrietan; Naturari egiten diogun erasoetan… Munduko Osasun Erakundea, %80 diru pribatuak finantziatua, ari zaigu portaerak zuzentzen. Agintariek zer egingo eta, esanak bete.

Egia ofizialei aurre eginez azaldu diren zenbait mediku zein erizain kaleratu edo espedienteak ireki zaizkie; txertatzen ez denari mehatxu edo xantaia zenbait tokietan; bidaiatzeko aukerak batzuen eta besteentzako desberdindu; herritarrak xaxatu elkarren aurka egiteko… Izango da ezer gehiago ere. Batek daki zer dabilen hemen: gorrotoa? Harrokeria? Ezjakintasuna? Nahasmena?…

Eta zer jarrera da esperientzia guzti honen ondorioetako bat? Fundamentalismoa. Batzuek, beren barnean beldurra nagusitu delako, besteek agintari nagusiek bideratutako birologo eta zientzilaria zenbaitek esandakoekin erabateko adostasuna dutelako, beti ere komunikabide nagusiak erabiliz beren esanetara. Beldurra ez, konfiantza bai; ezkutuan ez, argia bai.

Euskal Herrian zoritxarrez ezaguna dugu Inkisizio garaia eta gertatuak; Espainian eta Europan ere bai. “Kuranderak” deitzen zioten, besteak sendatzen ahalegintzen zirelako, eta hor garaiko erlijioarekin agintariekin eta sendakuntza ofizialen interesekin tupust egin zuten. Gaur, fisika berriak, fisika kuantikoak, frogatu ahal izan du egiten zutenak bazuela zentzua eta handia gainera. Hala ere, ez zituzten sutara bidali edo torturatu “kuranderak” bakarrik, salatuak ere bai gaiarekin zerikusirik ez izanda ere. Beraz, salatuak izan baziren salatariak horretara prestatu zirelako. Batek daki zergatik.

Denbora pasa den heinean badakigu gutxiengo hark zuzen jokatzen zuela, eta badakigu ere salatariak egon zirela. Jarrera fundamentalista baino ez zen gertatua, eta egun 2021an, birusa dela eta ez dela, eta gaia bideratzeko modua tarteko, ikusten dut arrisku horretan gaudela. Ez dut alarmista izan nahi, baina esaten dut, iritzi bat baino ez da. Badirelako zenbaitzuk besteen eskubide zibilak kentzearen aldekoak, alegia txertatzen ez direnenak.

Nola ez, txertazen direnen erabakia, eta hainbat ataka badira hor lehen nioen bezala, erabaki onargarria da. Baina baita ere txertatzen ez direnena. Eta eskubideak berdinak, batzuentzat eta besteentzat. Zer arraio, azkenean edo aurrenean, pertsona guztiak berdinak gara. Aurrekoan irakurtzen nuen kamiseta batean “Inor ez da ilegala”.

Ez da nire barrenean gorrotorik edo amorrurik sortuko inorekiko, hartzen duen jarrera hartzen duela. Hori pozointzea litzateke, eta hori “etxe kalte” bihurtzen da. Gogoratu “Erantzun Biologiko Baikorra”, eta horretarako jarrerak maitekorra behar du izan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide