Dina Bilbao triatloian ibili zenean, Ironman delakoak egiten (gizonezkoentzat bakarrik zela pentsatuko zuen izena jarri zionak), jarraitu egiten nituen haren emaitzak. Etxean aitari galdetzen nion: “Zenbatgarren egin du Dina Bilbaok?”. Neure baitako pentsamenduaren errotari buelta gehiago eraginez, ondorio honetara heldu nintzen: niretzat lehen emakume kirolari erreferentea izango zen, ni neu konturatu gabe. Duela 30 urteren bueltan. Eta burua gehiago estutuz, galdera hau: “Orduan, bai al zen emakumezko kirolari erreferentziazkorik?”. Erantzuna, neronek, azkar batean: “Ez”. Dina Bilbaoren garaikideekin pentsatzen hastearekin bat, bi emakumezko gogora, betiere bakarkako kirolarien artean: 1984ko Olinpiar Jokoetan, maratoian, burua eta gorputza alderrai zituela azken 200 metroak bi minutu eta erdian egin zituen Gaby Andersen-Schiess suitzarra, batetik; eta lau urte geroago, Olinpiar Jokoetan hura ere, Florence Griffith-Joyner korrikalari azkarra, hiru urrezko domina irabazi zituena; baina ezagunago egin zutena kasik eskuetako azkazal luzeengatik. Buruak lanean segitzen zidan, gaiaren inguruko pentsamenduaren katebegiak elkarri lotuz: “Hortaz, garai hartan, emakumezkoak albiste izateko edo haien kirol jarduna nabarmentzeko, ezohiko gauzengatik gertatzen zen”. Maratoiko helmugaratze malapartatua, eta azkazal luze batzuk, esate baterako.
Atzoko kontuak dira horiek. 20-30 urte atzo baita. Orain, emakumezko kirolari erreferenteak gehiago dira lehengo aldean. Atera kontuak: atzo gaizki ikusia zegoen emakumezkoek kirola egitea ere. Zorionez, Dina Bilbao asko daude gaur egun, eta gaztetxo edo haur batek eskura dauzka, begien parez pare. Lehen ez bezala, lekua ematen diegu hedabideetan, oraindik ere berdintasunaren marratik aparte bagabiltza ere, zoritxarrez. Badago zer eginik, eta egiten dena egiten dela ere, ez da nahikoa izango. Alegia, behin eginda ez dela nahikoa izango, askotan egin behar dela, etenik gabe.
Dina Bilbao eta haren lagunak ez omen ziren jabetzen bide urratzaileak zirenik: kirola gustatzen zitzaien, eta “gizonezkoek egiten badute, guk zergatik ez?!” buruan sartu eta aurrera. Denborarekin jabetu dira zer bide itxi eta ilun hasi ziren zabaltzen eta argitzen. Esate baterako, Leire Olaberria txirrindulari ohiak hau esan zienean Dinaren lagunei: “Ni zuengatik hasi nintzen txirrindulari munduan. Zuei ikusita piztu zitzaidan gogoa”.
Itsasoan hil zen Dina, eta ur tanta bakoitzak lurra jotzen duenean, bide urratzaile ausart haren zipriztinak kolpetxoa ematen dio genero ezberdintasunaren haitzari. Zumaiar arraunlari ohi batek esaten duen bezala: “Gauzak horrela ere aldatzen dira. Itsasoak haitza jotzen duen bezala, kolpe bakoitzean, ttak”. Gutako bakoitzaren baitan daukagu itsaso hori, ur tanta eraldatzaileez betea.