Ez dute koronabirus kasu positiborik zenbatu Zumaian azken orduetan

Anartz Izagirre 2021ko mai. 25a, 13:14

200dik beherakoa da intzidentzia tasa herrian. Urola Kostan ere egoerak hobera egiten jarraitzen du apurka-apurka; Azkoitia da eremu gorrian dagoen eskualdeko herri bakarra.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu ditu atzo, astelehena, egindako PCR eta antigeno proben emaitzak. Zumaian ez dute koronabirus kasu bakar bat ere hauteman azken orduetan, eta jaisten jarraitzen du intzidentzia tasak. Gaur-gaurkoz, 172,99koa da. 

Apurka-apurka hobetzen ari da eskualdeko egoera ere. Une honetan Azkoitia da eremu gorrian dagoen eskualdeko herri bakarra, eta Urola Kostan zenbatutako hamabi kasuetatik bost bertan zenbatu zituzten atzo. Hori dela eta, zertxobait gora egin du herri horretan 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako tasak; 517,40koa da uneotan, Gipuzkoako herri handien tasetatik altuena.

Azpeitiak, bestalde, eremu laranjan jarraitzen du. Hiru positibo hauteman zituzten atzo han, eta intzidentzia tasa 302,32tik 308,80ra igo da. Zarautzen ere hiru positibo zenbatu zituzten atzo, baina intzidentzia tasak bere horretan jarraitzen du; hain zuzen ere, 214,16koa da tasa eta eremu horian dago Urola Kostako herririk jendetsuena.

Horrez gain, hainbat egun positiborik gabe igaro ostean, kasu bat hauteman zuten atzo Orion. Hala eta guztiz, eremu berdean jarraitzen dute han 32,62ko intzidentzia tasarekin. Gainontzeko herrietan, berriz, ez zuten positibo berririk zenbatu atzo, eta herri horietako tasek apaltzera egin dute. Aian 50,38 da tasa, Aizarnazabalen eta Beizaman hutsa, Errezilen 966,18, Getarian 70,67 eta Zestoan 256,81.

Positibotasun tasa, behera

Hego Euskal Herrian ere egoerak hobera egiten jarraitzen du, baina kutsatzeen kurba mantso ari da jaisten. Guztira, 10.684 PCR eta antigeno proba egin zituzten lau lurraldeetan, eta horietatik 329 izan ziren positiboak. Lurraldez lurralde, Bizkaian atzeman zituzten kasu gehien (160), eta ondoren, Gipuzkoan (91), Nafarroan (53) eta Araban (19). Horrez gain, Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpoko herritarren sei positibo zenbatu zituen Osakidetzak.

Ospitaleetako egoerak ere hobera egiten jarraitzen du. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 212 dira COVID-19agatik ospitaleratuta dauden eriak, eta 117 pertsona daude ZIUetan. Nafarroako erietxeetan, berriz, 64 pertsona daude —ez dute zehaztu ZIUetako erien kopurua—. Positibotasun tasak ere %5etik beherakoa izaten jarraitzen du; %3,2 da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %2,7 Nafarroan.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide